Project Description

GR 11 Transpirenaika ibilbidearen Bera-Elizondo bigarren etapa hau, aurrekoa bezala, luzea eta gogorra da. Etenik gabeko igoera eta jaitsieren bidez, aipatutako bi herriak lotzen dira hamaika pista eta mendi-bide lotuz, kasuan, Bagordiko zabalguneraino. Zabalgune honetara autoz iritsi daiteke Elizondotik eta herrian lotarako lekurik ez dagoenerako leku paregabea da gaua bertan emateko, hemen, eremu lau, iturri eta mahai guneak aurkitu ditzakegu eta.

Oro har, etapak seinaleztapen ona du, nahiz eta moztutako zuhaitzen artean, batzuek GR marka duten. Oraingo honetan, lurrezko pistak dira nagusi, hortaz, etaparen luzera (25 km-tik gorakoa) eta gainditu beharreko desnibela (1300 m-tik gorakoa) handia izan, nahiko erraz egiten da aurrera.

INFORMAZIO BALIOGARRIA

ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA

Método de Información de Excursiones (MIDE)

MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.

Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).

Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.

IBILBIDEAREN DIAGRAMA

IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU

  • Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
  • Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
  • Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA

HASIERAKO METROAK

Bera-Elizondo Ibilbidea Eztegara Pasealekuan hasten dugu E norabidean, lehenengo biribilgunea topatu arte. Eskuin aldetik, lehenengo irteera hartzen dugu eta institutuko aparkalekuaren ondotik igarotzen gara gora egiten hasteko.

Labiaga Ikastolaren ondotik jarraitzen dugu, hegoalderantz, zolatutako zorutik, gure ezkerretara dauden kirol-instalazioak atzean utzi arte. Hirigunetik aldentzen gara eta borden artean metroak irabazten ditugu, asfaltoa medio, Garmendiko Borda eta Migeltereko Borda arteko bihurgunera iritsi arte. Hemen aurkituko dugu etaparen lehen iturria.

Bihurgunetik bertatik, errepidea utzi eta basoan sartzen gara, ekialdeko mugatik doan pistan barrena. Handik metro gutxira, zuhaiztia utzi eta ezkerrera egiten dugu bidegurutzean, Suspelttiki auzora iristeko.

Hormigoizko pista batetik aurrera egiten dugu, ekialderantz, eta metro gutxiren buruan, hego-ekialdera desbideratzen gara, kota garaiagoak hartzen dituen lurrezko bide batetik. Pista zolatuaren amaierara iristen gara, ezkerretarantz doan bihurgune baten ondoren, eta azken eraikinaren ondotik igarotzen den lurrezko bidetik gora egiten dugu, eraikina gure ezkerretara utziz.

Malda ertaineko aldapan gora egiten dugu, HE norabidea mantenduz, bidegurutze batekin topo egin arte. Iparralderantz jo eta Larrate Gaina iparraldeko hegaletik bira luze bat hasten dugu, iratze arteko bide belartsu batetik, maldak gora egiten duen bitartean.

Tontorreko Bunkerrera aurrez aurre dugula, ezkerrerantz jotzen dugu, ekialderantz, eta emeki-emeki Meakako Lepora jaisten gara. Ezkerrera egin eta jaisten jarraitzen dugu (igoera eta jaitsiera batzuekin) Soroko Gaina mendiaren ipar-hega gurutzatuz.

Bideak hego-ekialderantz egiten du berriro, eta kota erlatiboki mantenduko du Idoiako leporaino, zolatutako bidetik berriz ere.

PISTEN ARTEAN

Hartutako norabidea alde batera utzi gabe, pista zabala hartu eta berriz ere ekialderantz biratzen dugu zuhaiztian. Pista nagusia eskuinerantz doan adar batetik uzten dugu, eta, metro batzuk geroago, hegoalderantz, aurkako isurialdean sartzen gara.

Hurrengo bidebanatzean, bideak IE  norabidea hartzen du eta basoaren goiko mugari jarraituz igotzen hasten da. Bastidako Bordaren inguruan dagoen bidegurutzean, eskuineko bidea hartu eta pista trinkotu batera irteten gara. Pista horrek belardiak eta iratokiak bereizten ditu, ekialderantz jotzen duen heinean.

Ezkerretara, Arrilepo bidetik Lepoaundira sarbidea ematen duen bidegurutzea utzi, eta hego-ekialdera egiten dugu. Pista nagusitik irten gabe, igoera eta jaitsieren segida batean, Ibantelliko mendebaldeko hegala alderik alde gurutzatzen dugu, zuhaitzen eta landaretza altuko eremuen artean, 2 km pasatxo burutu arte.

Lizarrietako Lepoa parean, Nafarroa eta Lapurdi arteko mugan, basotik irteten gara, lepo lau eta zabalaren eremuan sartzeko. Bertan, Sara eta Etxalar lotzen dituen errepidea ageri da, eta bidearen ondoko bentan indarberritzeko geldialdia ez egiteak, ia pekatutzat jo daiteke.

ETENIK GABEKO GORA-BEHERAK

Errepidea gurutzatu eta HE norabidea hartzen duen pistan murgiltzen gara, Idoietako Gaina basoaren goiko mugatik inguratzeko. Bidegurutze batera iristen gara eta bidearen eskuinaldean dagoen seinale-tantaiari erreparatuz, eskuineko bidezidorra hartzen dugu, pista nagusitik aldendu eta aldapan behera hasteko.

Usategietako Fondaren altueran, gure ibilbidetik maila bat beherago, ekialdetik fonda hau inguratzen duen desbideratzea hartzen dugu. Itzulingurua guztiz amaitu gabe, bidegurutze bat topatzen dugu eta ezkerraldeko bidea jarraitzen dugu, egurrezko eskubanda bat duena, EEM norabidean.

Hegoalderantz jarraitu eta ekialderantz biratu ondoren, bidebanatze batera iristen gara. Bertatik, ezkerreko bidearen ondoan dagoen borda bat ikusten dugu. Bertan hasten da Lakaingo tontorra inguratzen duen igoera.

Berriro ere basoaren goiko mugatik gora eginez garaiera hartzen dugu, hegoalderantz biratzen dugun bitartean. Lepo batera iritsi eta bidegurutzean ezkerreko beheranzko bidea hartzen dugu. Hortik aurrera gora eta behera egingo dugu, goranzko joera mantenduz, Lakaingo Leporantz.

Lepora iritsi baino pixka bat lehenago, eskuineko desbideratzeari heldu eta hegoalderantz jarraitzen dugu. Ibaia zeharkatu eta HM aldera biratu ondoren, beste bidegurutze bat dago. Ezkerretik, Maritoneko Borda aldera igotzen gara.

HE norabidea jarraitzen duen pistatik irten eta Nabalsa inguruko beste pista batera iristen gara. Pistan, eskuin aldera erabat biratu eta IM norabidea hartzen dugu. Metro gutxiren buruan, pista berriro banatzen da, eta ezkerretik jarraitzen dugu hegoalderantz. Pistari jarraituz, Bagobilletako pasabidera iristen gara, zuhaiztietatik kanpo.

LEPOTIK LEPORA

Ekialderantz bihurgune luze bat hasten dugu, eta Bagobilletako bertikalaren azpitik igaro ondoren, ezkerreko pista hartzen dugu bidebanatzean, ekialderantz jarraituz. Zuhaiztira gerturatu ahala, pista estutzen hasten da bide bihurtu arte. Soilgunean, gure bidea berriz ere eskuinetik agertzen den pistarekin bat egiten du eta beste desbideratze batera iristen da. Eskuineko adarrari heldu eta ekialderantz jarraitzen dugu pistatik, altimetroari metroak gehituz.

Puntu gorenera iritsi ondoren, isurialdea aldatu eta hego-ekialderantz jaisten hasten gara. Kilometro erdi pasatxoan, Saroi Berri edo Urtzumeatza mendatera iristen gara, kontsultatzen den maparen araberako izenari dagokionez. Handik Zugarramurdi eta Etxalar lotzen dituen errepidea igarotzen da.

Errepidea gurutzatu eta HHM  norabidean jarraitzen dugu lur trinkotuko pistatik. Pistaren joera hegoalderantz mantentzen da Kaskoaundiren pareraino. Gailurrari uko egin eta albo batean uzten dugu Gaineko Soroa tontorretik banatzen duen lepora iritsiz. Pista ekialderantz doa poliki-poliki, eta gero eta nabarmenago jaisten jarraitzen du hegoalderantz jo ahala.

Gartzineko Borda ondotik igaro eta metro batzuk geroago pista nagusitik urruntzen gara, HHE aldera doan eta beste pista batekin lotzen den bidezidorretik, zelai artean. Oraingoan ere, pista berri hau estutzen joaten da basora hurbildu ahala, bidezidorrean amaitu arte. Bidezidorrak, Altsu tontorra ipar-ekialdetik inguratzen du, eta berriz ere bideak ohiko neurriak berreskuratzen ditu basotik kanpoko eremuetan, Ezkisaroi inguruan.

EZKISAROI – ATXUELA

Errepidea gurutzatu eta Oiamunoko magalean gora abiatzen gara bere oinarritik gertu kokatu arte. Bidea, gaina inguratu ahala, malda areagotuz doa hegoaldeko magalera iritsi arte. Magalean sartu eta  Erdi Bizkar gailurraren ondoko bizkarrera iritsi arteko bidea lasaiago egiten dugu.

Beste igoera zati baten ondoren, bidegurutzean, eskuineko bidea hartu eta gorantz jarraitzen dugu norabidea (HE) aldatu gabe. Bideak Atxuela inguruko goialdetik doan pistan uzten gaitu.

Km erdi pasatxo pistatik jarraituz, Atxuelako Lepora iristen gara.

EREMU GARAIETARANTZ

Errepidea gurutzatu eta Oiamunoko magalean gora abiatzen gara bere oinarritik gertu kokatu arte. Bidea, gaina inguratu ahala, malda areagotzen doa hegoaldeko magalera iritsi arte. Magalean sartu eta  Erdi Bizkar gailurraren ondoko bizkarrera iritsi arteko bidea lasaiago egiten dugu.

Beste igoera zati baten ondoren, bidegurutzean, eskuineko bidea hartu eta gorantz jarraitzen dugu norabidea (HE) aldatu gabe. Bideak Atxuela inguruko goialdetik doan pistan uzten gaitu.

Km erdi pasatxo pistatik jarraituz, Atxuelako Lepora iristen gara.

BUKAERAKO JAITSIERA

Bide nagusitik irten gabe, Larrondo eta Urruzpil tontorren arteko lepora igotzen hasten gara. Bidegurutzean, ezkerreko bidetik desbideratuz, hegoalderantz jaisten hasten gara, gutxira HE norabiderantz eginez.

Zuhaizti labur baten ondoren, bidebanatzean, eskuineko bidea hartu, eta pistatik at iratze artean jarraitzen dugu. Azpialdean dagoen pista berri bat hartu eta ezkerrerantz egiten dugu. Jarraian, bide hau utzi eta azpiko pistara jotzen duen eskuin aldeko adarretik behera egiten dugu.

Bide berria hartu eta HHM norabidean garaiera galtzen jarraitzen dugu Maistruzar bordaraino. Hurrengo bihurgunean iturri baten ondoan, hegoalderantz egiten dugu eta hego-ekialderantz ondorengo metroetan.

Mendi-bidea, pista bihurtuta dagoeneko, berriro hegoalderantz egiten du, eta basoan murgiltzen da. HHM norabideari tarte luze batean eutsiz, pista HHE norabidea hartu eta Bagordi aldera igotzen den adarrari heltzen diogu, pista nagusia ezkerretara eta azpitik utziz.

Adarrak basoa atzean utzi eta metro gutxiren buruan Bagordira iristen gara. Errepide bidez iristeko moduko zabalgunea da Bagordi, askaldegi-gune eta edateko ur-iturriz hornituta. Elizondon ostaturik aurkitu ezin izan badugu, Bera-Elizondo etapa bukatutzat jo eta bertan gaua emateko aparteko lekua dugu, zalantzarik izpirik gabe.

BERA-ELIZONDO (Bagordi) 360º ETA EB-N

Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz

  • Norabide-geziak pantailan
  • Mapa interaktiboa albo batean
  • Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz

Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu

Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez

Ibilbidean zehar nabigatzeko arazorik ba al duzu?

BIBAKA

Gaua emateko babestutako guneak

Seinaleztatutako bibak gunerik ez dagoen arren, Bagordi paregabea da gaua emateko

ATERPEAK

Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinak

Aterperik ez, baina Elizondon gaua emateko aukerak daude

URA

Edateko urez hornitzeko lekuak

Fidagarriak diren iturriak, bidearen hasiera eta bukaeratik gertu

ARRETA

Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuak

Ez daude

SEGURTASUNA

Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuak

Ez daude

GR11KO BESTE ETAPA BATZUK