GR 11 Transpirenaika ibilbidearen 14. etapa: Respomuso-Panticosa

Respomuso-Panticosa ibilbideak Refugio de Respomuso aterpean du hasiera puntua. Lehenengo zatian, lakuen arteko ibilbide eder bat egiten du goi-mendi giroa hartzen duen arte. Ingurune arrokatsu batean ibiliko gara, Tebarray eta Llena Cantal tontor piramidalen arteko bidetik. Inguruko mendi eta orratz izugarriek, mendi-giroa areagotzen laguntzen dute.

Cuello de Tebarray lepora sarbidea ematen duen kanalak ere badu zeresanik honetan, tarteka eskuak erabili beharko ditugu eta goialdera iristeko. Lepo honetan 2700 metroetatik gora egongo gara eta bertatik abiatuta, Pirinioetako mendigune ospetsuenetariko baten ondotik igaroko gara, zeinetan, bertako tontor nagusiek 3000 metroetako sapaia gainditzen duten: Picos del Infierno.

Jaitsieran, Ibones Azules lakuen ondotik emango dugu eta Embalse de Bachimaña urtegien ingurunea ere ezagutzeko aukera izanen dugu. Etaparen amaiera Panticosako Bainuetxearen konplexuan dagoen Refugio de Casa de Piedra aterpean kokatzen da, bertara iristeko, Barranco de Caldarés sakanatik egingo dugu bidea.

INFORMAZIO BALIOGARRIA

ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA

Método de Información de Excursiones (MIDE)

MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.

Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).

Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.

IBILBIDEAREN DIAGRAMA

IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU

  • Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
  • Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
  • Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA

RESPOMUSO-PANTICOSA 360º ETA EB-N

BIBAKA

Gaua emateko babestutako guneak

Bibak gunea Cuello del Infierno eta Ibón Azul Superior lakuaren artean

ATERPEAK

Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinak

Embalse de Bachimaña Bajo urtegian: Refugio de los ibones de Bachimaña aterpea

Baños de Panticosa konplexuan: Refugio de Casa de Piedra

URA

Edateko urez hornitzeko lekuak

Bidean zehar errekak daude, eta aterpeetan iturria

ARRETA

Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuak

Cuello de Tebarray: Harriak erortzeko arriskua eta udaren hasieran elur gogortua egon daiteke

SEGURTASUNA

Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuak

Cuello de Tebarray leporako sarbide-kanalean eta Barranco de Caldarés sakaneko estuguneetan eskudelak instalatuta

GR11KO BESTE ETAPA BATZUK