Project Description

Pirinioak zeharkatzen dituen GR11 ibilbide transpirenaikoaren lehenengo etapa, nagusiki, zolatutako bide eta beso-pisten artetik igarotzen da, Higer lurmuturra eta Beraren artean garaiera handirik hartu gabe, Pirinioaurreko lehen haran hauetan.

Euskal Herriko harkaitz-formazio zaharrenen inguruak ezagutuko ditugu: Aiako Harriko mendigune granitikoa, eta Bidasoa bailaran barrena joango gara, Endara urtegitik. Kontrabandisten eta mugalarien ibilbide zaharren tarteren batetik ere ibiliko gara.

Guzti hau, 30 km baino gehiagoko ibilbidean etengabe gora eta behera eginez, 900m-ko desnibela batuz, zolatutako bide eta pistak txandakatuz hezetasun handiko ingurune batean.

Argi dago, lur motari eta mendien handitasunari dagokionez, Higer Lurmuturra-Bera etapa ezin dela lehiatu Erdialdeko Pirinioetan aurki dezakegunarekin. Baina gogortasunari dagokionez, Pirinioak zeharkatzen dituen ibilbide luze honetan jasan beharko duguna ederki laburbiltzen du.

INFORMAZIO BALIOGARRIA

ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA

Método de Información de Excursiones (MIDE)

MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.

Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).

Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.

IBILBIDEAREN DIAGRAMA

IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU

  • Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
  • Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
  • Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA

BIDAIAREN HASIERA

Itsasargiaren eta kanpinaren artean itsasoratzen den bidea hartzen dugu Higer itsasargiaren atzealdera iristeko. Eskuinerantz doan bidezidor batetik bihurgune handi bat marrazten dugu, eraikinaren lursaila inguratuz. GR11 Ibilbide Transpirenaikoari hasiera ematen dion zuhaiztiaren ondoan dagoen plataforma zolatu baten gainean hasten dugu bidea.

Plataformaren gainean, ekialdera dagoen bidexkan sartzen gara. Bidea agerikoa eta erosoa da, eta hego-ekialderantz egiten dugu, zuhaitzen eta itsasoaren artean, Hondarribiko portutik igotzen den errepidean bukatu arte.

Kalera atera eta hondartzatik datorren errepidearekiko paraleloan jarraitzen dugu, hego-mendebalderantz. Ontziralekuarekin eta kirol-gunearekin muga egiten duen bihurgunea egin ondoren, hirigunera iristen gara.

HONDARRIBIKO HIRIGUNEA

Itsasargi kaletik jarraitu eta iskin eginez Marina auzoan sartzen gara. Nabarmendu behar da oraingoz ez dagoela GR-ren markarik, eta gure bidaia-planak nabigazio bisual eta intuitibo baten aldeko apustua egiten duela, ibilbidearen seinaleztapen-maila ziurtasunez egiaztatzeko. Planteamendu horrek esan nahi du, aurreko egunean ibilbidea aztertu arren, gidak soilik begiratuko ditugula zentzuzko zalantzarik izanez gero, eta GPSa benetan norabidea galdu dugunaren ziurtasuna erabatekoa denean. Bestalde, Pirinioak zeharkatzeko helburua betetzen ez duten itzulinguru “turistikoak” edo alferrikako bideak saihesteko lizentzia hartzen dugu.

Hori esanda, Marina irteerako biribilgunean ibilbide ofizialetik aldendu eta, zuzen jarraitzen dugu, Irundik datorren errepidea jarraituz. Bide “ofizialak” eskuineko bidea hartzen du, herriko alde zaharra zeharkatzeko. Aipatu beharra dago, txangoa hasi baino lehen, aurreko egunean bertatik ibili eta eskaintzen dituen txoko guztiak behar bezala ezagutzea merezi duela. Edo ibilbidea hemen bukatzen bada, hurrengoan.

Galtzadaren ondoko espaloitik jarraitu eta biribilguneetan zuzen egiten dugu, hego-mendebalderantz biratuz, aireportuko kontrol-dorrea erreferentzia nagusitzat hartuta. Instalazioen ondotik igaro eta Irungo Zubi-Musu biribilgunera (Zubimuxu) iristen gara, Mendelu auzoa zeharkatu ondoren.

IRUN ZEHARKATZEN

Biribilgunean zuzen jarraitzen dugu, Hondarribi kalean gora, hasieran, eta Colon Pasealekuan desbideratu gabe, trenbidearen zubia igaro ondoren. Kalearen amaieran, jatorrizko ibilbidea udaletxerantz egiten du, baina guk aurrera jarraitzen dugu, Nafarroa Hiribidetik Dunboako ubidearen gaineko zubia igaro arte. Hego-hego-ekialderantz jo eta ibilguaren ondotik jarraitzen dugu haurtzaindegia igaro arte. Han, hego-ekialdera biratuz, Alzukaitz kalean barneratzen gara.

Kalearen amaieran, zubia gurutzatu aurretik, eskuinetara berdegune bat ikusten dugu hegoalderantz, eta bertatik bide zolatu bat abiatzen da. Sarreraren ondoan, bidegorriaren ondoan, GR11 ibilbidearen lehen marka gorria eta zuria kokatzen da.

KOSTALDEA ATZEAN UTZIZ

Bidea hasi eta metro gutxira, autobideko zubiaren azpitik igaro eta ezkerreko bidea hartzen dugu. Hasieran zolatua dagoen eta aldapa handia duen bide hau, San Martzial baselizarantz igotzen da. Bidea, zolatutako bide eta lurrezko pisten artean txandakatuz joaten da tartearen arabera, eta errepidearekin pare bat alditan gurutzatu ere. Hala ere, EHE norabidea mantentzen du uneoro, atsedenlekura iritsi arte. Gune honek, geldialditxo bat egiteko oso aproposak diren aulki eta mahaiez gain, urez lasai hornitzeko iturria ere badu.

Norabidea galdu gabe, zolatutako bidetik aurrera egiten dugu, zutoin batez seinaleztatutako bidegurutze bat aurkitu arte, bertan, eskuin aldera egiten duen bidea hartzen dugu, hegoalderantz.

Metro gutxiren buruan, zolatutako bide nagusitik ateratzen gara, hego-ekialderantz doan adar batetik. Jaitsiera labur baten ondoren, Saroi Berri baserriaren ondotik igaro eta ageriko bidetik gora hasten gara, zuhaiztiaren irteeran dagoen bidegurutze bateraino.

Hormigoizko pista baten gainean amaitzen den eskuineko bidetik jarraitzen du ibilbideak. 500 metro inguru ibili eta ezkerrerantz gogor igotzen den bidezidor bat hartzen dugu. Bideak HHM norabidean, basoaren goiko mugatik eramaten gaitu.

Garoen artean soilgune handi bat zeharkatu eta Etxebesteko bordara iristen gara. Eraikinaren eskuinaldetik jarraitu eta basoan barneratzen gara berriro, begi hutsez ikusten den hurrengo soilgunera iristeko. Soilgunean Atseden parkea dago, aurrekoan bezala, aulki eta mahaidun guneak eskainitako gonbiteari ezin uko egin.

Atsedenaldi labur baten ondoren, parkea zeharkatzen dugu, HHM norabidean, Lapuriturriko aparkalekuraino. Eraikuntzaren ezkerraldean, hormigoizko pista gurutzatuz, GR11 ibilbidea zuhaiztiaren goiko mugaren ondotik doan bidetik jaisten da, hego-mendebalderantz.

AIAKO HARRIKO INGURUNEA

Errepidearekiko paraleloan jarraitzen dugu, metro batzuk beherago, egurrezko hesiek mugatzen duten bidetik igaro behar dugun askaldegi bat aurkitu arte.

Gunea zeharkatu eta zelai irekira irteten gara, begien aurrean ageriko biderik topatu gabe, baina errepidea gure eskuinetara eta Aiako Harriaren aurrean mantenduz, zuzen jarraitzen dugu norabidea galdu gabe. Zurtoin baten bidez seinaleztatutako bidegurutze batetara iritsi, eta ezkerrerantz jaisten den pista hartzen dugu

Pistak, zenbait kilometrotan modu iraunkorrean beherantz egiten du, sigi-saga zabal bat eginez, Endara ibaiaren ondoan uzten gaituen arte. Ibaiaren paraleloan aurrera egiten dugun tartean, Nafarroako eremu geografikoan sartzen gara.

Endara urtegiaren inguruan, gure ibilbideak bide zolatu bat hartzen du, uharkaren goialdera iristen dena. Bertara, ezkerretara dagoen bihurgune baten ondoren iristen gara. Urtegiaren hormaren gainetik doan errepidea hartu eta azken hau zeharkatzen dugu EIE norabidean.

NAFARROAKO LEHENENGO BAILARA

Kopako Harriko hego-mendebaldeko oinarria errepidetik inguratu ondoren, gutxi gorabehera 500 metrotan, errepidea utzi eta Auzo-Berriko hormigoizko bidea hartzen dugu, 180º-ko bira batetik ezkerrerantz. Metro gutxiren buruan, biraketa biribila egingo dugu berriro, oraingoan eskuinerantz, Ola Berri Jatetxearen lursailarekin muga egiten duen bidezidorretik. Ekialderantz jarraitzen dugu, Tellegurutzeta erreka gure eskuinetara mantenduz, zuhaitzen artetik, Telleri lepotik igarotzen den zolatutako bidera irten arte.

Bidetik 500 bat metro jaitsi eta bidegurutzean aurrera egiten dugu. Beherantz jarraitu eta Gartzienea baserriaren ondotik igarotzen gara. Metro gutxiren buruan, eskuinerantz doan pista batetik desbideratzen gara, ipar-ekialderantz, linea elektrikoari jarraituz. Transformadorea duen zutoina igarota, bidegurutzean, ezkerreko bidea hartzen dugu, hego-ekialderantz apur bat jaitsiz.

Bidegurutze batetara iritsi eta goranzko adarra hartzen dugu, eskuinera, ipar-ipar-ekialderantz egiten eta hesi batek bi aldeetan mugatzen duen bide batetik. Gardelsoro baserriraino doan oinezkoentzako sarbidea ematen duen ate metaliko bat aurkituko dugu. Beraz, atea itxi behar dugu pasabidean, animaliek lursailetik ihes egin ez dezaten.

Baserriaren ondoan, zolatutako bidearen hasieran, bertan gelditu eta edatera gonbitea luzatzen duen iturri eder bat dago, kristalezko pitxer ta guzti. Erabateko luxua.

Metro batzuk jaitsi eta eskuinera egiten duen bihurgune batera iristen gara, non bidebanatze bat dagoen. Eskuinetik igotzen den bidea hartzen dugu, ekialderantz, eta handik gutxira, bidea uzten duen bidezidorrean murgiltzen gara, EME norabidea mantenduz.

ILASMENDIKO MAGALEAN

Illasmendi bordaren parean dagoen beste baso-pista bati heltzen diogu. Metro gutxiren buruan,  HHE norabidean gora egiten duen pista hartzen dugu.

Zuhaiztitik irteten gara, linea elektriko baten azpian, eta  Illasmendiko mendi-hegal malkartsua mozten duen basoa zeharkatu arte, bidean jarraitzen dugu. Basoko soilgune batetik Lesaka eta Bera herriak ikusten ditugu ekialderantz.

Basoa bere goiko mugatik utzi eta muga ezkerretara utzita, EME norabidea mantenduz jaisten hasten gara.

Pistatik, ehiza-postuen ondotik igaroz, garaiera galtzen jarraitzen dugu, borda baten ondoan dagoen seinaleztatutako bidegurutze batera iritsi arte. Norabidea aldatu gabe Amargungo Lepoara iristen gara. Mendi-lepoan bidegurutze bat dago, eta bertan, EIE norabidea hartzen duen bidean sartzen gara, hiru kableko linea elektriko baten zutoinaren ondoan.

Beste behin ere, zuhaitz ilara gure ezkerretara utziz, aurrera egiten dugu, ekialderantz bira zabal batean. Zuhaitzen artetik irten eta aldapan behera jarraitzen dugu, gure aurrean dagoen muino belartsua ezkerretik inguratzen dugun heinean, iparralderantz. Muinoa zuhaitzen artean inguratu eta beste mendixka baten aurrean dagoen bidegurutze berri batera iristen gara.

HERRIRANTZ

Oraingoan, ageriko bidetik, eskuin aldera, ekialderantz egiten dugu, eta beherantz jarraitzen dugu, harik eta hirigunera iritsi arte. Behin errepidean, Iparralderantz jarraitzen dugu Alkaiaga Kale Nagusitik eta ekialderantz, kalearen amaieran. Bide berdea zeharkatu eta aurrean dagoen eraikin zuria inguratzen dugu San Miguel kalean sartuta, Bidasoa ibaia gurutzatzen duen zubira iristeko. Zubia eta kale estu bat zeharkatu ondoren, Bidasoa kalera iristen gara. Handik, metro gutxi batzuk egiten ditugu iparralderantz, eta Higer Lurmuturra-Bera etapa Eztegara pasealekuan bukatzen dugu, Correoseko bulegoaren aurrean.

HIGER LURMUTURRA-BERA 360º ETA EB-N

Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz

  • Norabide-geziak pantailan
  • Mapa interaktiboa albo batean
  • Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz

Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu

Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez

Ibilbidean zehar nabigatzeko arazorik ba al duzu?

BIBAKA

Gaua emateko babestutako guneak

Seinaleztatutako bibak gunerik ez dago.

ATERPEAK

Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinak

Aterperik ez, baina Bera eta Lesakan gaua emateko aukerak daude

URA

Edateko urez hornitzeko lekuak

Fidagarriak diren bi iturri, bidearen lehenengo eta azkeneko herenetan

ARRETA

Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuak

Ez daude

SEGURTASUNA

Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuak

Ez daude

GR11KO BESTE ETAPA BATZUK