Project Description

Belaguako haranaren ipar-mendebaldearen zelataria bailitzan, Lakartxela izenaren bidez ezaguna dugun Kartxela mendigunea kokatzen da. 2000 metroko kotara iritsi gabe, Keleta mendiarekin osatzen duen kordalean eta Otxogorrigaina aldera zabaltzen den zirkuan aurkitzen dugun gailurrik altuena dugu.

Bere inguruko gainik nagusiena den arren, Lakartxela mendiaren tontorra ez da Belaguako mendatera doan errepidetik ikusten. Keleta mendiaren eta biak lotzen dituen kordalaren atzean dago.

Ekialdetik begiratuta, Lakartxela mendi irisgarria da, batez ere mendateko errepide ondoko gune garaietatik abiatu daitekeelako. Sarrera nagusiak Venta de Juan Pito, militarren egoitza eta Yeguaceros inguruan daude. Hala ere, desnibel handiagoei aurre egin nahiez gero, Belaguako haranetik bertatik abiatzen diren ibilbideak aukeratu daitezke.

Jarraian ikusgai dagoen ibilbidea Yeguaceros inguruko aparkalekutik abiatzen da, GR12 bidezidorrari jarraituz, Belaguako haranetik 400 metro gorago. Ibilbide erraza izateaz gain, ez da malda handirik gainditu behar. Ibilbidean hartu beharreko mendi-bide gehienak lurrezko bidezidor erosoetatik igarotzen dira, belardi eta mendi-mazela belartsuen artean.

Gainera, bideak Keletan hasten den mendikatea eta Prado de los Gigantes delako belardi bitxia gertutik ikusteko kokapen paregabea eskaintzen du.

INFORMAZIO BALIOGARRIA

ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA

Método de Información de Excursiones (MIDE)

MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.

Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).

Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.

IBILBIDEAREN DIAGRAMA

IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU

  • Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
  • Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
  • Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA

KORTAPLANA MENDIAREN MAGALEAN

Yeguaceros inguruko zolatu gabeko aparkaleku txikian ibilgailua uzten dugu, ipar-mendebalderantz abiatzeko asmoarekin. Abereentzako itxituraren ondotik igaro eta ondo markatutako lurrezko bidezidor batean sartzen gara. Bideari jarraitu eta minutu gutxiren buruan, eskuin aldean kokatzen den iturri bat duen lautada txiki batetara iristen gara. Puntu honetan, gure mendi-bidea Belaguako Aterpetik datorren GR12 biderekin bat egiten du.

Bide ondoko arroka eta zurezko zutoinetan dauden marra gorri eta zuriei jarraituz aurrera jarraitzen dugu. Port de Cortaplanako bertikalaren azpian, iparrerantz jo eta Uturrotx inguruan ibilbidearen lehen erreka zeharkatzen dugu.

Errekara iritsi baino metro batzuk lehenago, ekialderantz jaisten den bidezidor bat hasten da. Bide nagusia lokaztuta dagoenean edo errekak ur gehiegi dakarrenean, Ardibidegaina izenez ezagutzen den bidezidor hau aukera ona izan daiteke Urdaitera igarotzeko.

Kortaplana mendiaren hegoaldeko mazelan aurrera jarraitzen dugu, zuhaitzen muga-lerroaren azpitik, ipar-mendebalderantz. 500m inguru egin eta iparralderantz doan bihurgune txiki baten ondoren, bigarren errekastoa topatzen dugu. Mendebalderantz, Kortaplanako magalaren ingerada bihurgunetsuari jarraituz , minutu gutxitan Urdaite edo Arrakagoiti lepora iristen gara.

PRADO DE LOS GIGANTES BELARDI BITXIA

Urdaiteko lepoaren ondotik igarotzen gara, seinaleztaturiko bideari jarraituz. Binbaleta mendiaren oinera gerturatu ahala, aldapa areagotzen hasten da oinaren aurrean kokatu arte. Mendi-bideak, Binbaletaren hego magala inguratzen du Prado de Los Gigantes izenarekin ezagutzen den belardira gerturatzeko.

Binbaletako gailurraren azpitik igaro ondoren, belardiko lehen harkaitz-formazioetara iristen gara. Uhar txiki bat zeharkatu, eta emeki-emeki mendebal-hego-mendebalderantz biratzen hasten gara. Aldapa handiagoko eremua izan arren, bidea erosoa eta egonkorra da.

Oro har, belardiaren harkaitz-formazioak gure ezkerraldean uzten ditugu. Bestetik, erreferentzia nagusi bezala, Keleta mendian hasten den kordalaren bukaerako ezproia hartzen dugu, honen oinaren eskuin aldean kokatzen baita Ginbaleta lepoa.

Belardiaren gehieneko inklinazio-maila gainditu eta Ginbaleta (edo Binbaleta maparen arabera)  leporako sarbidea argi eta garbi ikusten dugu. Azken harkaitz-zerrenda ezkerretara utzi eta azken aldapa gainditu ondoren lepora iristen gara.

MALDA HANDIAN GORA

Lepoan, GR bidea utzi eta hego-mendebalderantz igotzen den bidea hartzen dugu. Lakartxela mendiaren zatirik gogorrena dugu honakoa, malda handiko 100m baino gehiagoko mendi-hegala alegia. Gutxi balitz, ez du inolako atseden-gunerik eskaintzen gailurretik metro gutxitara dagoen sorbaldara iritsi arte.

Bidea lurrezkoa izaten jarraitzen du, baina gorantz goazen heinean, igarotzeko zailtasunik gabeko harmaila edo maila itxurako azaleratze harritsuak agertzen hasten dira. Lur-zoru guztietan bezala, ur-saturazio baldintzetan, labaindu eta lurrera erortzeko aukerak handitu egiten dira, beraz, jaitsierari begira, aurrera egiteko abiadura eta inertzia bera kontrolpean eduki beharko dira tarte honetan.

Lepotik hasten diren lehenengo metroak hego-mendebalderantz egiten ditugu, goranzko diagonal bati jarraituz. Honen bukaera harkaitz-zerrenda nabarmen batek mugatzen du. Bertara iritsi eta norabidez aldatzen dugu Z zabal bat egiteko, oraingoan hego-hego-ekialderantz, irtengunearen oina jarraituz.  Erpinera iritsi eta hasierako norabidea berreskuratzen dugu, aipatutako oztopoaren gainetik jarraitu ahal izateko.

Azkenik, Lakartxela eta Keleta mendiak lotzen dituen kordalaren azkeneko muinoaren ondotik igarotzen gara. Puntu honetan, tontorretik oso gertu, lehen aldiz ikusten dugu ibilbideko punturik garaiena.

Muinoa ezkerretara utziz, inguratzeari ekiten diogu malda bera lasaitzen den heinean. Bideak hego-hego-mendebalderantz bira zabal bat egiten du ertzeko sarbidea bilatu nahian. Pasartea irtengune txiki bat besterik ez da, harrien arteko arrakala batek mugatzen duena. Bertatik igo eta ertzean dagoen belarrezko lau txiki bakarrera iristen gara.

Lakartxela mendiaren gailurrerako bidea orain ertzaren gainetik doan aparteko ikuspegia duen  ibilaldi labur bat da.

LAKARTXELA MENDIAREN IGOERA 360º ETA EB-N

Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz

  • Norabide-geziak pantailan
  • Mapa interaktiboa albo batean
  • Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz

Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu

Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez

Ibilbidean zehar nabigatzeko arazorik ba al duzu?

BIBAKA

Gaua emateko babestutako guneak

Seinaleztatutako bibak gunerik ez dago.

ATERPEAK

Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinak

Belaguako Aterpea. Iristeko asfaltatutako errepidea eta aparkalekua, 56lagunentzako tokia eta taberna (jatetxea)

URA

Edateko urez hornitzeko lekuak

Iturri bat eta erreka batzuk. Uraren edangarritasuna ez dago bermatuta, bazkalekua.

ARRETA

Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuak

Ez daude

SEGURTASUNA

Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuak

Ez daude

TREKKING BESTE IBILBIDE BATZUK