Proiektuaren deskribapena

EGURALDIA

INFO

IBILBIDEAREN DATUAK

Método de Información de Excursiones (MIDE)

MIDE, FEDME eta beste federazio batzuk gomendatutako ibilbideen zailtasun eta arrisku maila neurtzen duen método bat da. Bere helburua, neurtutako bideen eskakizun tekniko eta fisikoaren bateratzearen bidezko istripuen prebentziohandiago bat lortze izanik. Modu honetan, sailkapenetan irizpide objetiboagoak lotzen dira.

MIDE-ren informazio lauki bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoan, ibilbidearen oinarrizko informazioa aurkituko duzu: ordutegia, desnibel metatua, distantzia eta abarrekoak. Bestalde, eskuineko zutabeak ibilbidearen zailtasun eta arriskuari buruzko informazioa bistarazi ahal izango dituzu. Zailtasun eskala 1etik 5era izanik (txikitik handira)

Metodo honek oinarrizko informazioa eskeintzen du oso aldakorra den medio batetan, hortaz, eremuaren baldintzak neurtutako egunarekin ez dutela zertan bat egin behar. Hau dela eta, ahal den neurrian, bertaratu baino lehen, ibilbidearen egoeraz jabetzea komeni da.

IBILBIDEAREN DIAGRAMA

Ibilbidearen tracka esploratu ezazu

  • Tracka azpiko diagramarekin sinkronizatuta dago, ibilbidearen desnibelen bilakaera aztertu ahal izateko.
  • Mapan, trackaren edozein punturen gainean kokatu zaitez, diagraman bere proiekzioa ikusi ahal izateko, edo alderantziz.
  • Erreferentzi puntuetan klik eginez, puntua identifikatu ahal izango duzu, eta nahi izan ezkero, webgunetik kanpoko beste mapa batetan ikusi ere.

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA

Vértice de Anayeteko eskien bidezko igoera, Tenako bailaran egin beharreko klasikoen multzoan sailkatu genezake. Bere anai nagusia den Anayet mendiaren HMan kokatzen da, izen bereko lakua inguratzen duen zirkuaren barnean. Oro har, lakua inguratzen duten gailurrek zailtasunik gabeko igoerak eskaintzen dituzte bide arruntetik eta igo beharreko garaierak ez dira oso handiak. Horregatik askotan bide honekin batera, Garmo de Izas, Arroyeras edota Espelunciechako gainak ere egin izan ohi dira.

Lakuetara igotzeko bi bide nagusi daude, bai Barranco de Culivillaseko sakanetik edo Glera de Anayetetik igarotzen dena. Lehendabizikoa arruntena izanik, elurte arrisku handiagoa duena da, bigarrenak ordea, segurtasun maila handiagoa eskaintzen du, baina eskirako pista baten ondotik igarotzea behartzen gaitu. Hala ere, instalazio mekanikoak alde batera utzi ditugunean, Pirinioak gordetzen duen txoko berezi honetan erabat murgilduko gara, antzinako sumendia izan zen Anayet mendiaren magalean barrena ibiliz, antzekoa den Midi d'Ossau tontorraren ikuspegi paregabeaz gozatzen dugun bitartean.

Eskirako pisten ondotik

Anayeteko aparkalekutik HMrantz abiatzen gara estazioko eraikinen parera. Gaurkoan, Glerako bidetik gora egingo dugu, hasierako elurraren baldintza onak bermatzeko. Bide honetan eguzkiak bete betean joko duenaren bermea dugu. Esan beharra dago, aurreko egunetan egin duen hotzak eragin handia izan duela ibilbide hau hautatzeko orduan.

Behin zubia igarota, IE norabidean igotzen den pista hartzen dugu, ahalik eta bazterretik gertuen mantenduz estazioaren erabiltzaileen jaitsiera ez oztopatzeko. Lehenengo atal honetan aldapa nahiko lasaia eta jarraitua da. Pistak Erantz jotzen du teleaulkiaren azpitik igarotzean, garaiera berehala hartzen duen bihurgune itxi baten ondoren.

Garaieran 100 bat metro igo ditugunean, pistak berriro ere Irantz egiten du, malda lausotzen den heinean. Distantzian 300 bat metroren buruan, eski-pista utzi eta Mrantz egiten dugu, Glera aldera alegia.

Sakanerako bidean mendi-hegaletik

Glerako bide arruntak ez du sakanerantz egiten, honen gainetik eta lakura iritsi baino lehenago dagoen bidegurutze batetara zuzenean jotzen baitu. Horretarako, Espelunciecha mendiaren hego magala alderik alde goranzko diagonal bat eginez zeharkatzen du. Tamalez, horretarako nahiko elurrik ez dago gaurkoan, beraz, sakanerantz egin behar dugu garaiera apur bat galduz.

Sakaneko goialdera iristeko, Espelunciecha eta Punta de la Garganta mendien arteko pasartea hartzen dugu, bide laua eginez HM norabidean. Sakanetik gora doan bidea ikustean, beheranzko diagonal bat egiten dugu norabide berdina mantenduz modu oso erosoan. Sakanean goialdean sartzen gara Espelunciecha eta Arroyeras mendien artean.

Sakanaren goialdea

Barranco de Culivillas sakanaren goialdean gaude, azken herena osatzen duen zatian, Glerako bidea baino 100 bat metro beherago. Espelunciecha mendiaren oina hegoaldetik inguratzen dugu IIM norabidean, Arroyeraseko tontorretik jaisten den eta itzultzean hartuko dugun bidea ezkerraldean utziz.

Zirku txikiaren bukaeraraino igotzen gara norabidea mantenduz. Irtengunea eskuinaldetik gainditzen dugu, Espelunciechako HMko magala diagonal bat egiten zeharkatuz eta ondorengo goragunea Mtik inguratuz lakuetara iristen gara.

Llanos de Anayeteko lautada M norabidean zeharkatzen dugu, Garmo de Izas tontorraren oinaren azpiraino, eskuineko mazela beste diagonal baten bidez zeharkatzeko.

Aukera anitz

Cuello de Anayet leporantz igotzen den hegala albo batetik hartzen dugu I norabidea jarraituz ahalik eta erosoen modu jarraituan bideari ekiteko. Bertan dagoen elurra izozturik topatzen dugu ordea, hortaz, zeharkako bidea utzi eta zuzenekoa hartzea hobe izango litzateke.

Magala gaindituta, IM norabidea hartzen dugu Vértice de Anayetera igotzen diren bi bideen bidegurutzea bilatu nahian. Bidegurutze hau, Cuello de Anayet lepoaren azpiko lautada txikian kokatzen da, bertara iristeko goragune bat eskuin aldetik inguratuz. Baldintza egokiak badira, Cuello de Anayet lepora eskiak kendu gabe igo daiteke bi diagonal eginez. Elur gutxirekin edo honakoa izoztuta badago, ekialdeko isurialdeko bidea hartu daiteke.

Bidegurutzera iristean elurraren baldintzak bide arruntetik egiteko aproposak ez direla ikusten dugu. Bestalde, ekialdeko isurialdeari tankera hobeagoa hartzen diogu. Nahiz eta elurra izozturik egon eta aldapa gero eta handiagoa izan lepora gerturatzean, hegala nahiko zabala da igoera eroso bat gauzatzeko.

HM norabidea hartzen dugu eta zuzen igotzen gara hegalak aldapa areagotzen duen lekuraino. Hemendik aurrera, igoera Garmo de Izas eta Vértice de Anayeten oinen arteko arrotik egiten dugu. Mazelaren goialdean aldaparik gogorrena ematen da eta eskietarako hortzek ozta-ozta eusten dute.

Lepora bat-batean iristen gara. Eskiak bertan uzten ditugu, elurrik ez baitago, eta IM norabidea hartzen dugu minutu gutxitan gailurrera iristeko.

360 GRADU ETA EB BIDEZ GRABATUTAKO IBILBIDE PANORAMIKOA

Aginte-panelean pantaila osoa aktibatu ezazu

  • Norabidea adierazten duten geziak
  • Mapa interaktiboa
  • Ataletan banatutako menua

Saguaren botoi nagusia sakatuta duzula, arrastatu ikuspuntua aldatzeko

Nabigazio duala, norabidea adierazten duten geziekin edota aurrera eta atzerako markatzaile mugikorrak erabiliz.

OHARRAK

  1. TUNEL PANORAMIKOA BEREZIKI PC, UHD PANTAILA EDO PROIEKTOREETAN IKUSTEKO EGOKITUA IZAN DA, SAKELAKO GAILUETAN IKUSTEA EZ DUGU GOMENDATZEN.
  2. Prototipo hau bere osotasunean, pertsona bakar batek egindakoa da beste batzuen softwarea erabiliz eta inolako diru-laguntzarik gabe. Hau dela eta, erabilgarritasun eta abiadura mailak mugatuak dira. Zure pazientzia eta ulertzea aldez aurretik eskertzen dut.

Arazorik duzu ibilbidean zehar nabigatzeko?

BIBAK

Gaua aterian igarotzeko babestuta dauden eremuak

Neguan bibak egiteko prestaturiko lekurik ez dago

ATERPEA

Lotarako eta barruan jateko prestaturiko eraikuntzak

Inguruko herrietan gaua emateko hainbat aukera daude

URA

Edateko urez hornitzeko iturriak, errekak eta bestelako guneak

Estazioan bertan hornitzerik badago. Mendiko iturriak elurrak estaltzen ditu

ARRETA

Arretaz ibiltzeko guneak, arrisku objektiboak direla eta

Barranco de Culivillas sakaneko bideak elurteak jasateko aukera asko ditu

SEGURTASUNA

Rapel, ainguraleku eta segurtasunerako elementuak

Ez daude segurtasunerako elementurik

MENDIKO ESKIKO BESTE IBILBIDEAK