Proiektuaren deskribapena

Ekialdeko Gabietok, Taillon gainak eta Brecha de Rolando (Roldán) arrailak osatutako hormatzarrek, Gavarnieko Zirkuarekin batera, Pirinioetan ematen den mugarik ikusgarrienetakoa dugu.

Muga honen behaketa eremurik onenetakoa Taillon mendiaren tontorrean kokatzen da, berezko muga honen edertasuna goialdetik eta perspektiban ikusi daiteke eta.

Taillon mendira igotzeko bideen artetik, Col de Tentes lepotik abiatzen dena azkarrena dugu. Gainera, hiru mila metroko mendi bat igotzeko biderik errazenetakoa izateagatik ezaguna da. Nahiz eta ibilbideak zailtasun teknikorik ez izan eta ordu gutxiren buruan egin daitekeen, gogoan izan behar dugu goi-mendian ari garela, eremu honek erabili beharreko materiala zein mendiarekiko ezagutza mailatan eskatzen duenarekin.

Ibilbide honetan Tailon mendiaren ipar hormaren oinetik igaroko gara eta bere glaziarraren ondotik gora egingo dugu. Aunitz ezaguna den Brecha de Rolando arraila gurutzatu eta Punta Bazilac mendiaren murrua inguratuko dugu, Dedo delako dorrea inguratu eta azkenik gailurrera eramaten duen gandor zabalean zehar ibiliko gara.

Pirinioetan hiru mila metroko mendietan lehenengo urratsak emateko ibilbiderik onenetakoa dugu honakoa, eta goi mendietan zaletasuna duen orok bizitzan behin gutxienez burutu beharrekoa.

INFORMAZIO ERABILGARRIA

ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA

Método de Información de Excursiones (MIDE)

MIDE, FEDME eta beste federazio batzuk gomendatutako ibilbideen zailtasun eta arrisku maila neurtzen duen método bat da. Bere helburua, neurtutako bideen eskakizun tekniko eta fisikoaren bateratzearen bidezko istripuen prebentziohandiago bat lortze izanik. Modu honetan, sailkapenetan irizpide objetiboagoak lotzen dira.

MIDE-ren informazio lauki bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoan, ibilbidearen oinarrizko informazioa aurkituko duzu: ordutegia, desnibel metatua, distantzia eta abarrekoak. Bestalde, eskuineko zutabeak ibilbidearen zailtasun eta arriskuari buruzko informazioa bistarazi ahal izango dituzu. Zailtasun eskala 1etik 5era izanik (txikitik handira)

Metodo honek oinarrizko informazioa eskeintzen du oso aldakorra den medio batetan, hortaz, eremuaren baldintzak neurtutako egunarekin ez dutela zertan bat egin behar. Hau dela eta, ahal den neurrian, bertaratu baino lehen, ibilbidearen egoeraz jabetzea komeni da.

IBILBIDEAREN DIAGRAMA

Ibilbidearen tracka esploratu ezazu

  • Tracka azpiko diagramarekin sinkronizatuta dago, ibilbidearen desnibelen bilakaera aztertu ahal izateko.
  • Mapan, trackaren edozein punturen gainean kokatu zaitez, diagraman bere proiekzioa ikusi ahal izateko, edo alderantziz.
  • Erreferentzi puntuetan klik eginez, puntua identifikatu ahal izango duzu, eta nahi izan ezkero, webgunetik kanpoko beste mapa batetan ikusi ere.

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA

IRAGATE BIDEAK

Ibilbidea Col de Tentes lepoan kokatzen den aparkalekutik hasten dugu, Gavarnieko eski estazioaren eremua gaindituta. Pic de Tentes gainaren Mtik abiatzen den zolatutako bidea hartzen dugu HM norabidean. Kilometro eta erdi mailarik galdu gabe ematen dugu Puerto de Bujaruelo portura iristeko.

Portura iritsi bezain laster, Erantz igotzen den mendi bidean sartzen gara eta berehala hasten gara garaiera irabazten. Bidea zabala da, ondo seinaleztatua eta ibiltzeko erosoa erabat. Lehenengo aldapa atzean utzi eta Ekialdeko Gabieto zein Tailloneko ipar hormaren ikuspegi aparta begien aurrean irekitzen zaigu, eskuin aldera. Izerdirik bota gabe mendiak berak eskaintzen digun ongi etorriko oparia.

Tailloneko ipar hormaren oina alderik alde zeharkatzen dugu ia aldaparik gabe, landaredia eta harriaren arteko mugaren alde batetik zein bestetik doan bidetik. Oinaren bukaeratik gertu gaudenean, aldapak gora egin eta belardiak atzean utziko ditugu bueltako bidean berriro hemendik igaro arte. Nahiz eta bidearen alde bietara harri handiez josia egon, bidea bera nahiko garbi ageri da eta zailtasunik gabe aurrera egin daiteke.

ERREKAREN PASABIDEA

Serradets mendira gerturatu ahala, bidearen malda areagotu egiten da eta glaziarretik isuritako uraren soinua gertuago entzuten dugu. Hrantz egin ondoren, ibai-ohearen gainetik ur-jauzi eta turrustatan amiltzen den errekaren ondoan kokatzen gara.

Beste aldera gurutzatzeko hainbat pasabide daude, erabilienetarikoak margo gorri zein mugarriz seinaleztatuta daudenak izanik. Azpialdeko pasarteak berriz, ez daude markaturik. Hala ere, nahiko intuitiboak dira eta agerikoak nolabait.

Beste aldera gurutzatzeko aukeratu beharreko pasartea, urak dakarren mailak mugatzen du. Gezi gorriak jarraitu ezkero, katez osaturiko eskubandadun pasartera iristen da, gehien erabiltzen den bidea izanik eta izotza dagoenerako aproposena ere. Grabaketa egindakoan ordea, pasartea urak hartuta aurkitu dugu, bertatik igaro ezinik. Aldiz, azpialdeko pasarteak garbiago ikusten ditugu, nahiz eta segurtasunerako ainguralekurik ez izan. Oinetako aproposak jantzita, bustitako harriak ere ondo eusten du, hori bai, adi leundutako puntuekin.

Aipatu beharra dago bueltako bidean, pasarte berdinean uraren mailak ere gora egin duela, ia iraungitako glaziarrak eguzkipean jasandako lurmentzea dela eta.

GLAZIARRAREN AZKEN HAUSPOAK

Errekaren beste aldean bidea oso bestelakoa dugu, harri handien artean sigi-saga ohantzearen albotik gora eginez glaziarraren kubetaren mailara iritsi arte. Duela urte gutxi, glaziarraren kubetak oraindik elurtuta zirauen. Urteetan zehar bertatik ibili den orok gogoan izango du 90. Hamarkadan Tailloneko Glaziarrak zuen maila, eta honek gaur arte jasandako narriadura.

Gaur egun morrena denaren ezker aldetik igotzen gara, Erantz bira egiten dugun heinean. Col de Serradets lepoa begien aurrean dugunean, ezkerrera zabaltzen den Z handi bat hartzen dugu, lepoaren mailara iristeko. Bertatik Serradets aterperako bidea hartzen dugu, lepoaren beste aldetik abiatzen den bidetik Hrantz jaitsiz.

POSTA-TXARTELETARAKO BIDEA

Ageriko bidetik jarraituz, aterpea eta egin berria den handiagotzea ezker aldean uzten dugu. Bideak Hrantz gora egiten du aldapa handiko hartxingadi batetik, elur plakaren ezker aldetik hasita. Aldapak HM norabidea hartzen du emeki, bidea bitan banatzen den bitartean. Ezkerretik igotzen denak, hartxintxarra ia erabat galdu du eta bertatik igotzea erosoagoa da, zapaltzeko orduan trinkotasun maila handiagoa baitu, betiere gehiegizko trakzioa egiten ez den bitartean. Bestalde, ezkerretik doan bideak oraindik hartxintxar nahiko mantentzen du bere baitan eta nahiz eta goranzkoan irristatzearen ondorioz deserosoagoa izan, jaitsieran azkarrago mugitzeko aukera ematen du.

Aldaparen goialdean, bideak HErantz jotzen duen bihurgune itxi bat egiten du, azkeneko zatian malda oraindik gehiago nabarmenduz. Metro gutxitan zirku txikia zeharkatzen duen harkaitz-geruza gainditzeko pasartea topatzen dugu. Harkaitzaren ehundura nabarmenki ehundua ageri da, garai batean arraiaren oinera arte iristen zen iraungitako glaziarraren mugimenduaren ondorioz. Geruza HM norabidean gurutzatzen dugu, glaziarraren azkeneko elurretatik igaro eta berriro ere mendi bidera bueltatzeko.

EPIKOTIK IDILIKORAKO BIDEAN

HM norabidea jarraituz, arraiaren oinean kokatzen gara, goranzko diagonal bat eginez. Eskuin aldeko hormaren oinean, lepotik gertu eta maila berdinean hedatzen diren erlaitzetan, bibaka egiteko aproposa den haitzuloa ikus daiteke. Arraia gurutzatu ahal izateko, harrizko maila bat gainditu beharko dugu eta nahiz eta zailtasunik ez izan, eskuak erabili beharko ditugu gora egiteko. Maila gainditu bezain laster, Brecha de Rolando Arraiara iristen gara, kondairak eta historiak ezaguna egin duen leku paregabera.

Historiak segada non izan zen ongi ez zehaztu arren, kondairak dionaren arabera, frankoen komandante eta Carlomagnoren iloba izan zen Erroldanek, arraila ezpata kolpez sortu zuen, Orreagako gatazkatik ihesi eta “Durandal” txikitu nahian, pasabidean bere ejertzitoan sarraskia eragin zuten Baskoien eskuetan geratu ez zedin.

Arraiak, 2804mtan kokatzen den 100mko garaiera eta 40 mko zabalera duen pasarte bat da, Serradets eta Gorizeko aterpeak lotzeko biderik arruntena izanik.

TAILLON ESKURAGARRI

Arraiatik Mrantz jotzen dugu, ahalik eta garaiera gutxien galduz, hormaren azpitik doan bidea hartuta. Bidea harkaitzen artetik igarotzen da, alde batera eta bestera, betiere eskuin aldean horma izanik eta honen oinean kokatzen diren haitzulo eta bibaka batzuk atzean utzita.

Metro batzuk beherago, HMrantz zabaltzen den terrazan kokatzen den laku txikian gaua ematea ere badago, baldin eta hurrengo egunean Casco, Torre de Marboré, Picos de la Cascada… edota Monte Perdido mendira joateko grinarik dagoen.

Bidearekin jarraituz, hormatzarra inguratzen jarraitzen dugu IMrantz igotzen garen bitartean. Falsa Brecha arraiara iristen gara, Dedo delako harrizko dorrea iparretik inguratuz. Bira arazorik Gabe egiten da (izotzik gabe) Glaciar de Taillón glaziarraren gainetik zintzilik geratzen den erlaitz txiki batetik igaroz. Aurkako isurialdera bueltatu eta gandorrean uzten gaituen pasartea metro batzuk aurrerago aurkitzen dugu.

Gandorraren bidea, tarteka, isurialde batetik zein bestetik egin daiteke, aproposa oso egun haizetsuetan babesean aurrera egiteko.

Gailurrera gerturatu ahala, maldak ere gora egiten du, azken hegalera iritsi bitartean. Mazelari aurre egiteko bi modu desberdin daude. Batean, IM norabidean igotzen den bizkarretik zuzen igo daiteke. Igoera gogorra izanik, bukaerako ertz zabalak eskaintzen duen ikuspegiak merezi du oso… amaiera itxurosoa, mendi honek duen garaierak eskatu beharko lukeenaren mailan. Besteak, grabaketarako erabili dugun Orantz egiten duen bide arruntak, mendi hegala diagonalean mozten du aldapa lausoago baten bidez, gailurrera iritsi arte.

TAILLON MENDIRAKO IGOERA 360º ETA EB-N

Aginte-panelean pantaila osoa aktibatu ezazu

  • Norabidea adierazten duten geziak
  • Mapa interaktiboa
  • Ataletan banatutako menua

Saguaren botoi nagusia sakatuta duzula, arrastatu ikuspuntua aldatzeko

Nabigazio duala, norabidea adierazten duten geziekin edota aurrera eta atzerako markatzaile mugikorrak erabiliz.

OHARRAK

  1. TUNEL PANORAMIKOA BEREZIKI PC, UHD PANTAILA EDO PROIEKTOREETAN IKUSTEKO EGOKITUA IZAN DA, SAKELAKO GAILUETAN IKUSTEA EZ DUGU GOMENDATZEN.
  2. Prototipo hau bere osotasunean, pertsona bakar batek egindakoa da beste batzuen softwarea erabiliz eta inolako diru-laguntzarik gabe. Hau dela eta, erabilgarritasun eta abiadura mailak mugatuak dira. Zure pazientzia eta ulertzea aldez aurretik eskertzen dut.

Arazorik duzu ibilbidean zehar nabigatzeko?

BIBAK

Gaua aterian igarotzeko babestuta dauden eremuak

Puerto de Bujaruelo, Col de Serradets, Serradets, Brecha de Rolando eta gailurrean bibak egiteko aukera

ATERPEA

Lotarako eta barruan jateko prestaturiko eraikuntzak

Refugio de Serradets aterpea, udan 50 lagunentzako lekua eta 30 bat neguan, modu irekian

URA

Edateko urez hornitzeko guneak: errekak, iturriak...

Ibilbidean erreka bat eta mapan, Serradets inguruan iturri bat agertzen da

ARRETA

Arretaz ibiltzeko guneak, arrisku objektiboak direla eta

Errekak ur maila desberdinak ekar ditzake egun berean eta Brecha de Rolando arraiara igotzeko azken zatian harriak erori daitezke

SEGURTASUNA

Rapel, ainguraleku eta segurtasunerako elementuak

erreka igarotzeko katez osaturiko eskubandak daude

TREKKING IBILBIDE GEHIAGO