Project Description

Berguedá eskualdean, Cadí-Moixeró Natura Parkearen muinean kokatzen da Pedraforca mendia. Harro eta dotore, inguruko zein Pirinioetako mendi boteretsuen aurrean altxa eta bere tokia aldarrikatu eta legez irabazi duen mendigunea dugu hau. Catalunyako mendi adierazgarrienetakoa dela aipatzea, gutxi esatea da.

Pedraforca mendiguneak bi gandor nabarmenek osatzen dute, hauen artean, Enforcadura izenarekin ezagutzen dugun lepo handi eta ikusgarria izanik. Gandorrek, mendigunea osatzen duten lau tontorrak barneratzen dituzte. Iparreko ertzak hiru tontor osatzen dute: Cima Nord, Calderer eta Pollegó Superior. Azken hau, mendigunearen garaiera nagusia izanik, Pedraforca mendigunearen izena bereganatu du. Hegoaldeko ertzak, aldiz, gailur bakarra gordetzen du bere egituraren baitan, Pollegó Inferior.

Tontor nagusira igotzeko bide arrunten artean, Coll de Verdet lepotik gora egiten duena ikusgarriena dugu inolako zalantzarik gabe. Teknikoki ez da zailtasun handiko bide bat (F+), baina bertatik igotzeko, goi-mendietan trebatua egon beharko dugu ( eta bide batez, amildegiei beldurrik ez izan), bideak hainbat hormetatik gora egin eta hamaika pasabide arriskutsu gordetzen ditu eta. Baldintza hauek betetzen dituen orok, bidearekin gutxitan bezala gozatuko du seguruenik.

INFORMAZIO BALIOGARRIA

ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA

Método de Información de Excursiones (MIDE)

MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.

Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).

Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.

IBILBIDEAREN DIAGRAMA

IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU

  • Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
  • Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
  • Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA

BASO ETA PARETA HANDIEN ARTEAN

Lluis Estasen aterpetik abiatzen gara mendebalderantz, izei eta mendi-pinuen artean. Bidezidorra zabala eta erosoa da, eta ondo seinaleztatuta dago (PR C-123 Coll de Verdet leporaino), margo zuri eta horien bidez. Basabide bat izateko, modu azkarrean mugitzeko moduko bidezidorra dugu..

Mendian gora egiten dugun ahala, harriak agertzen joaten dira eta joera hau areagotu egiten da zeharkatu behar ditugun kanaletara hurbiltzean. Bigarren kanala zeharkatu bezain laster, maldak ere nabarmenki gora egiten du, baira orain arteko erosotasuna mantenduz.

Lehendabiziko irtengunera iristen gara, pare bat metrotako maila dauka eta eskuak jarriz gero, arazorik gabe igarotzen dugu. Irtengune honek hegoalderantz egiten du eta basoaren goiko muga ixten duen hormaren gainean kokatzen gaitu, bira bat eginez.

Bertan gaudenean, bi hormen artean zeharkatzen duen erlaitz batean gaudela konturatzen gara. IM norabidean jarraitzen dugu goragune batetara iritsi arte. Bertan, bideak mendebaldera egiten du eta Bauma de la Rua Gran izeneko gunera bideratzen gaitu. Gunea, horma batek sortutako sabaiaren azpitik igarotzen den pasarte estu bat da.

Pasartea zeharkatu eta Torrent de Gerdera uharrerantz jaisten hasten gara, hegoalderantz emeki egiten duen bihurguneari jarraituz. Gorako bidea hartu eta HE norabidean jarraitzen dugu, berriro ere zuhaitzen itzalpean, bizkarraren goialdea bilatuz. Bizkarrak, Coll de Verdet lepoa ekialdetik mugatzen duen kontrahormaren bizkarrerantz eramaten gaitu.

HARKAITZA TARTEKO

Oraingoan, HM norabidea jarraitzen dugu, bideak maldan gora sigi-saga egiten duen bitartean, basotik irten arte. Mendi-bideak kanal handi baten ondotik igoarazten gaitu, aurretik aipatutako kontrahormaren magaletik. Zenbat eta gehiago igo ahala, malda areagotzearekin batera, kontrahormara gerturatzen joaten gara. Aldaparen punturik gorenean, kontrahormak eta kanalak bat egiten dute. Hemen kokatzen da Coll de Verdet lepoa.

Eremu gogorra azken hau, baina saria ere kategoriazkoa dugu, bertatik ongi ikus daitezke eta Calderer eta Pedraforca medien ipar isurialdeko hormatzarrak.

IGOERA APARTA

Hego norabidean jarraitzen dugu, oraingoan ohiko marra zuri-horirik gabe, hormara doan bidean gora. Zapaltzen dugun bide harritsu honek, maldaren erdialdean, bi aukera ematen dizkigu hormara iristeko: jarraitzen dugun leku beretik aurrera egin edo gandorraren gainera igo eta ertzetik jarraitu. Haizearen indarra eta norabideari erreparatuz, behealdeko mendi-bidetik ez ateratzea erabaki dugu, babesean joan ahal izateko.

Hormara iritsi aurretik, isurialdea aldatu behar dugu, hormaren sarbiderik errazena lepoaren beste aldean kokatzen da eta. Hemendik gailurrera arte kaskoa jantzita eramango dugu, harriak erortzeko arriskua handia baita.

Bidearen ezkerraldean kokatzen den kontrahorma eta eskuineko horman nabarmentzen den barrunbe bat hartzen ditugu erreferentzia gisa. Kontrahorma txikia inguratu eta oinean, tontorra zapaldu arte jarraitu beharreko erreferentzia agertzen da: horiz margotutako puntu horia.

CIMA NORD GAINAREN HORMA

Kontrahormaren gainean kokatzen gaituen lehen igoera gainditu eta beste erreferentzia bat bilatzen dugu, oraingoan plaka gorrixka baten itxurakoa. Plaka gure eskuinean utzi, eta eskuinaldeko hormari itsatsita biratu egiten dugu kanal nagusira iristeko.

Hurrengo erreferentzia irteerako tximinia osatzen duen angelu zuzena da, eta bere eskuinaldeko orratzak. Beti biderik errazena adierazten duten puntu horiak bilatu eta igoerari jarraitzen diogu tximiniaren tarte bertikalaren azpian kokatu arte.

Pasabidea, tximiniaren goialdeko estugunea eta hau eskuinetik ixten duen ezproiaren plaka elkartzeak sortzen du. F+ gisa katalogatuta dago, eta nahikoa helduleku ditu, nahiz eta nahiko higatuak ageri mendizaleen igarotzearen ondorioz. Zalantzarik izanez gero, bertan instalatutako soka finkoak lana errazten du (baldin eta egoera onean badago).

Amildegitik ezkerrerantz urruntzen gaituen erlaitz txiki baten gainean irteten gara estugunetik, eta gaineko azken orratza ezkerreko aldetik igotzeko aukera ematen digu. Bat-batean Cima Nord-era iristen gara.

GANDORREN ARTEKO GOZAMENA

Pedraforcako Cima Nord-eko punturik garaiena adierazten duen mugarritik, marka horien arrastoari jarraitzen diogu, hego-ekialderantz jaitsiz. Cima Nord eta Pedraforcaren bizkar txikia banatzen dituen arrailaren aurreko zuhaitz multzora iristen gara, bideari jarraituz.

Arraila gure mailatik gorago eta atzean utzita, bizkar txikiaren lehenengo horma inguratzen hasten gara. Paretaren ondotik igaro ondoren, bidea hegoalderantz igotzen hasten da. Bigarren irtengune hau inguratu eta ekialderantz terraza txiki batera iristen gara, hemen, ibilbideak ekialderantz jarraitzen du.

Zuhaitz bakarti baten ondotik igaro, eta arrapala batetara iristen gara. Ezker aldean diedro txiki bat osatzen du eta goialdean, eskuin aldean, erreferentzia gisa hartzen dugun orratz nabarmen bat. Bideak diagonal bat burutzen du arrapalaren zuhaitz bakartiaren eta eskuineko orratzaren artean. Behin orratzaren gainean, iparralderantz biratu egiten dugu, kareharriaren formen norabideari jarraituz, eta eskuak erabiltzen ditugu modu seguruan aurrera egiteko. Metro gutxiren buruan, bizkar txikiaren gainean kokatzen gara eta hemen, hego-ekialderantz jarraitzen duen ertzari jarraituko diogu.

AURRE-GAILUR IKUSGARRIA

Berriz ere gailurretik jaisten hasten gara ertzetik, eskuinerantz amiltzen den irtengune batera iritsi arte. Pasartea hormara begira destrepatu behar dugu, segurtasun handiagoa izateko.

Destrepearen ondoren, beheranzko bideari jarraitzen diogu arrailaraino. Jarraian dagoen aurre-gailurraren lehen hormara iritsitakoan, plaka etzanetik igotzen hasten gara, biderik errazena bilatuz beti.

Ertzaren gainean kokatu eta aurrera eroso jarraitzen dugu, gainaldetik metro batzuk beherago, hego-ekialderantz mantenduz, mugarri baten bidez seinaleztatutako erlaitz baten gainean jarri arte.

Erlaitzean, ezkerrerantz biratu eta ertzaren ahoaren gainean jartzen gara, erlaitzaren atzeko tximiniatik igotzen den plaka handi bat zeharkatzea saihestuz.

Ertzaren gainetik metro batzuk egin eta aurre-gailurrara iristen gara. Goialde hau eskuinerantz luzatzen da, hegoalderantz hedatzen den bira bat osatuz. Hemendik, Pedraforcako Goi Pollegoaren tontorra argi ikusten dugu.

GOI-MAILAKO TONTORRA

Mugarri batek arraiara jaisteko bidea adierazten digu, eta ia lerro zuzenean bertara garamatza. Pedraforca mendiaren igoeraren azken lepora iritsi baino pixka bat lehenago, zailtasun handirik gabe destrepatzen dugun plaka batera iristen gara.

Pollegó Superior gainaren lehen hormara iritsita, itzulinguru bat hasten dugu, ekialderantz apur bat jaitsiz, lepoan bukatzen den kanala zeharkatu ahal izateko. Kanal hau eta hurrena banatzen dituen ezproia osatzen duen plaka bertikal batera iristen gara, eta hormari itsatsita inguratzen dugu.

Itzulingurua egin ondoren, berriro igotzen hasten gara plakaren goialdera iristeko, eskuinetik altxatzen den tximinia batetik. Ezproiaren gainean, argi eta garbi ikusten da hormak nondik igo, ezproiak eskuineko orratzarekin osatzen duen diedroaren ondotik.

Diedroak agerian uzten duen orratza eskuin aldetik atzean uzten dugu eta tximiniatik gora jarraitzen dugu, bukaerako bertikaltasunak geldiarazten gaituen arte. Oraingo honetan ere, tximiniaren irteera ez dugu modu zuzenean egiten, baizik eta eskuin aldeko horman dagoen arrail batetik.

Pasabidea burutzeko bi aukera daude, modu zuzenean pausu luze bat eginez edo maila ezker aldetik hartu eta bere oinarria osatzen duen erlaitz txikitik alderik alde igaroz.

Beste aldean, ertz nagusira doan tximinia bat topatzen dugu, Pedraforca mendiaren azkeneko metroak, oinez eta eroso burutuz.

TARTERA DE SALDES HARTXINGADIA

Igotzeko bidea hartu beharrean, autora iristeko modurik errazena Enforkadurara jaitsiz egiten da, Pedraforca mendigunearen bi orratz nagusiak banatzen duen lepoa. Lepora iristeko, hegoalderantz doan bidea hartu behar dugu.

Behin lepoan, ekialderantz jaisten jarraitu behar da, Tartera de Saldes hartxingadiaren bidezidorretik. Hartxingadia oso higatuta dagoenez, bidetik ateratzea debekatuta dago. Mendi-bidea malda handi batetik jaisten da, eta lurra lur eta harrizko zoru baten gainean finkatzen da eta higadura medio, pasarte nahiko ezegonkor batzuk daude, hortaz, tentuz jaitsi behar da, abiadura handirik hartu gabe.

Basora iritsitakoan (ez lehen zuhaizti-tartea), hartxingadiko bideak bat egiten du mendigunearen itzulia burutzen duen bidearekin. Bidegurutzean, ezkerrera egiten dugu iparraldera joateko, eta kilometro baten buruan Lluis Estasen aterpera iristen gara.

Hortik aurrera, autorako bidea aski ezaguna dugu.

PEDRAFORCA MENDIAREN IGOERA 360º ETA EB-N

Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz

  • Norabide-geziak pantailan
  • Mapa interaktiboa albo batean
  • Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz

Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu

Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez

Ibilbidean zehar nabigatzeko arazorik ba al duzu?

BIBAKA

Gaua emateko babestutako guneak

Seinaleztatutako bibak gunerik ez dago.

ATERPEAK

Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinak

Refugi Pedraforca Lluis Estasen. 32 lagunentzako tokia, jatetxea eta materialaren alokairua

URA

Edateko urez hornitzeko lekuak

Aterpean eta aterpearen inguruan iturri bat dago.

ARRETA

Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuak

Harriak erortzeko arrisku handia, Kaskoa gomendagarria. II+ mailako igoerak eta pasarte arriskutsuak

SEGURTASUNA

Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuak

Cima Nord gainaren azkeneko tximinian soka tinko bat dago

TREKKING BESTE IBILBIDE BATZUK