Proiektua bultzatu zuen ideia

2008 urtea izango zen Benasque-ko inguruneetan ikusi genuenean: hara non, Maladetako ertzetan asteburua eman ondoren eta autora gerturatzen ari ginen bitartean, Googleren autoa aurrez aurre agertu zitzaigun, sapaian DODECA kamera erraldoia itsasirik zeramala.

Momentu horretan, nire argazki kamera motxilan nolabait lotzeko saiakeratan ari nintzen, bertan zintzilik zeuden soka eta tresneriak kolpatuta, estalkiaren lotura puntua hautsi eta kamera bera hegan ateratzeko zorian baitzegoen. Guzti hau hamaika hizkuntzatan horrenbeste madarikazio botatzen nituen bitartean.

Sokakide batek, mendizaleok ohiko dugun laguntasunari ohore eginez, erabat aztoratuta nengoela probestuz, hurrengo irteera grabatzeko Googleren kamera eraman behar nuelarekin adarra jotzen hasi zitzaidan, garai horretan hasi bainintzen nire lehendabiziko ikus-entzunetakoak muntatzen.

Lagun arteko adarjotzearekin hasi zena, murgiltze-teknologiarekiko jakin-mina piztu zuen nire baitan, eta berehala hasi nintzen teknologia honen inguruan ikertu eta eskumen digitaletan trebatzen, teknologia hau orain arte erabilia izan ez den bezala erabili eta ikusten duzun prototipo hau garatzeko, askoz handiagoa den proiektu baten baitan.

Hortaz, hasierako ideia urteetan sakondu ondoren, abiatzen gara…

Lehendabiziko Urratsak

Lehendabiziko urratsak mendian eman nituen aita eta amaren eskutik. Jatorrizko mendizaletasuna beraien nortasunaren atal bat izanik, gaur egun goi-mendietako zeharkaldiak egiten jarraitzen dute mendiko denda eta zama guztia soinean eramanez. Gutxi balitz, neguko irteerak gustoko dituzte eta sokari lotzeko arazorik ere ez dute izaten.

Beraiek izan dira jetorrizko mendizaleen baloreak erakutsi dizkidatenak, txikitan Mendiriz Mendi (Hernani) eta Ganguren (Galdakao) klubeko mendizaleen eskutik jaso zituzten balore berdinak.

Eskolan nintzela eskaladarekin hasi nintzen La Peña-ko (Bilbo) rokodromo mitikoan eta Atxarte, Urduliz eta Santa Barbaran lehenengo soka-tiradak. Plafoietan zintzilikatzearekin ere jarraitu nuen, oraingoan Gipuzkoako kluben artean nortasun handienetakoa duen klubaren instalazioetan: Hatzi Klinbers (Hernani).

Neguko alpinismorako oinarrietan, orientazioan, mendiko eta hormetarako erreskatean eta azkenik mendiko eskian formakuntza ere jaso dut.

Mendiko kiroletan nabarmentzea ez dago nire lehentasunen artean, zailtasun maila altuetan ez baitut interes handirik. Nahiago dut mendira goazen kideen laguntasunarekin gozatzea. Bake edo tentsio momentuak, zoriontasuna edo ardura, poza edo ziurgabetasuna… sentsazio eta sentimenduen partekatzea. Tontorra hautazkoa dela, bukaera beti hasierako puntuan dagoela, eta ezer dela eta ere atzean inor ez dela INOIZ utzi beharraren ezagutzak dakarren bakearen kontziente izatea.

Egilea

Unai J.E.
Unai J.E.Sortzailea
Iratiko Basoan ibiltzen ikasi nuen. 7 urtekin goi-mendiko ibilbideak egiten nituen iadanik, 13 urterekin eskalatzen hasi nintzen eta orain arte nire bigarren etxebizitza den mendietara ahal dudan bakoitzean alde egiten dut.