«La falta de nivel técnico es la principal causa de accidentes en el medio natural. Junto a la formación es imprescindible conseguir transmitir información fiel de las características y condiciones de la montaña. Hacer que esta sea asequible y entendible por el usuario novel de modo que entiendan los riesgos que implica salir a la montaña y adapten sus actividades en consonancia.»

Horrela bukatzen da "Estudio de Accidentalidad en Deportes de Montaña" mendi istripuei buruzko txostenaren azken paragrafoa,FEDMEk 2017 urtean egindakoa. GREIMen arabera, maila tekniko eta prestakuntza fisikoen gabeziak dira erreskate gehiengoaren eragileak. Askotan mailatik gorako kirol-jarduerak egiten direla aditzera ematen du. Honezkero, planifikazio arazo bat dagoela ondorioztatzen dute.

Egia da ezin dugula datua orokor bihurtu, kasu bakoitzak bere kasuistika eta baldintzak dauzkala. Bestetik, mendia natura eremu basatian dagoela ezin dugu ahaztu, eta bertan elementurik ahulena ziurrenik gu izango garela. Inork ezin du aurretik asmatu mendi-hegal batek behera noiz egin behar duen, haitzen bat jausi edota haizearen norabidea aldatzeagatik ekaitza noiz sartuko.Aurrerakuntza teknologikoak nabariak izan arren, eremu honetan erabateko ziurtasunik ez da ematen.

Latza bada ere, mendiko istripuak gertatzen jarraituko dute. Kirol-jarduera eta esparru honi datxekion faktore bat da. Honakoa onartzen ez badugu edota jabetzen ez bagara, beste zaletasunen bat bilatzea izango dugu egokiena.

Arrisku subjektiboak ahalik eta txikienaz izateko baliabide guztiak erabiltzea da gure esku dagoena. Arrisku hauek guri soilik dagokigunak dira eta zehazki FEDMEren txostenak nabarmendu dituen biak: gaitasun teknikoa eta planifikazioa.

 

Esparru honetan berezituak dauden informazio iturriak erabili

Informazio iturrien hautaketa ezin bestekoa da planifikazioari begira. Mendi klubak eta aterpeak iturri garrantzitsuak dira. Bestetik badira ezagunak diren hamaika mendi-gida eta mendizale askoren blogak, zeinetan baliagarria den informazioaz gain, bizi izandako esperientziak aipatzen dituzten. Berezitutako aldizkarietan (BEREIZITUAK, ez gai orotarikoak) ere mendi ibilbideei buruzko artikuluak eta fitxak izaten dira ikusgai, eta nola ez, hamaika webgune eta foroak. Azkenik, mendi gidariek eskaintzen dituzten zerbitzuak ere kontratatu ditzakegu gauzak errazteko.

Aipatutako informazio iturri guzti hauek datuak jasotzeko oso baliagarriak dira. Hori bai, kontutan izan behar dugu askotan egileok gure esperientzia eta gaitasunen araberako balorazioak egiten ditugula. Orain arte, mendizaleok egin ohi izan duguna, igorlearen gaitasunak gure gaitasunekin alderatzea izan dela. Horrela, ibilbide bati aurre egiteko oinarri bat ezarriz, ibilbidea burutzeko posibletasun maila neurtzen genuen. Eskalatu behar diren pasarteak bestalde, estimaziorik ez dute behar hauen zailtasun mailak estandarizatuak daudelako.

Hautatzen dugun informazio iturria mendiko esparrutik at dagoen iturri batetik jasotzen badugu, aukera handiagoak izango ditugu gustukoa den ustekaberen bat jasateko. Hori gutxienez.

Jaso ditugun datu guztiekin argi izan behar dugu ibilbidea nondik nora doan, zubiak, ibaiak, bibakak, aterpeak, pasarte arriskutsuak eta zailtasun maila, besteren artean, kontrolatuta izan behar ditugu.

Eguraldia eta beharrezkoa balitz, elurraren egoera ere funtsezkoak dira planifikazioa behar bezala egiteko.

 

Zailtasunaren balorazioa

Montaña Seguran (Gobierno de Aragón, Aramón eta Federación Aragonesa de Montañismo) aspalditik lanean dihardute mendi ibilbideen balorazio eta arrisku maila estandarizatzen duen metodo bat garatzeko. Metodo honi MIDE deitu diote. Honakoa FEDMEk eta beste zenbait mendi federazioek gomendatutakoa da.

MIDEk ibilbideen olanifikaziorako oinarrizko informazioa eskeintzen du. Alde batetik beharko dugu denboraren estimazioa, desnivel metatuak, ibilbide mota eta abarrekoak ematen ditu. Bestetik, zailtasun eta arrisku mailari dagokion informazioa. Taulak informazio osagarri bezala pentsatuta daude, eta hórrela behar du. Ibilbide baten baldintzak ez dira berdinak izango udan zein neguan. Zailtasuna ere ez da berdina izango lainoa sartzen denean edo ekaitzak harrapaten bagaitu…edo pasarte konkretu bat bustita edo elurtuta baldin badago.

Mendi txiki eta ertainetan ondorioak ez dira oso larriak izango gehienetan, baina goi mendietan beste kontu bat da. Hemen txangoa okertuz gero sekulako izualdia jaso dezakegu edo arazo larriak izan ditzakegu.

Gaitasun teknikoa

Burutu behar dugun ibilaldiak kranpoi edo pioletaren erabilera eskatzen badu, momenturen batetan glaziar edo elur eremu bat gurutzatu behar dugulako, erreminta hauekiko teknikak ongi ezagutu beharko ditugu. Ezer gutxi egin dezakegu erorketa baten aurrean atxikipen teknikak menperatzen ez baditugu. Segurtasunez aurrera egiteko ere arazoak izango ditugu progresio teknikak behar bezala erabili gabe.

Sokaren erabilera, eremu malkarretan ibiltzeko progresio teknikak, orientazioa, ARBAk eta abarrekoekin gauza bera gertatzen da.

Ekipamendu egokia

cordada glaciar

 

Ibilbide bakoitzak beharrezkoa duen ekipamendua eramatea ezin bestekoa da. Kontutan izan behar dugu bideak berezko behar duen materiala eta momentuko egoerarekin beharko dena. Oinetakoen kasuan askotarikoak daude, bakoitzak bere funtzio eta abantailekin. Gainontzeko materialarekin ere gauza bera.

Oinarri bat ezartzeko, oinetan mendiko botak eramango ditugu garaiari eta kirol-jarduerari dagokion galtzerdiekin batera. Galtza teknikoak jantziko ditugu, eta goialdean “hiru geruzen araua” beteko dugu: kamiseta termikoa, haize-babesa duen arropa eta azkenik euritakoa.

Elurretatik edo izotz gainetik ibiltzeko pioleta eta kranpoiak derrigorrekoak izango ditugu. Motxila, eguzkirako betaurreko, urontzia, tapaki termikoa, frontala, bastoiak etab.

Mapa eta iparrorratza ere eraman beharko dugu ibilaldietara. Abantaila nagusi bat daukate: bateriarik ez dute behar eta gutxi balitz, merkeak dira. Erabiltzen jakin behar dira soilik… Zorionez, federazio eta klubek gai honi buruzko formakuntza eskaintzen dute, besteren artean.

 

Ura eta janariaren horniketa

Planifikazioari dagokionez, bekaturik egin beharrean bagaude, honekin izan dadila, beharrezkoa baino gehiago eramanez. Ibilbidean iturriak egon arren, bertan egon arte ezingo dugu jakin ea hauek urik dakarten edo edangarria den. Hildako abere eta animaliak izaten dira mendietan, hortaz horniketaren bermea ez da beti egongo. Badaezpada ere edateko ur bihurtzen duten pilulak eramatea ideia ona izan ohi da betidanik.

Mendi jarduerek energia gastu ikaragarria dakarte elektrolitoen galerarekin batera, hortaz, janariari dagokionez, berria energetikoak, txokolatea, fruitu lehorrak eta abarrekoak motxilan sartu beharko ditugu, edari isotoniko edota antzeko konplementuekin batera.

Betiko ogitartekoa eta frutak ere eraman ohi dira, baina adi, zama handiagoa dute eta.

 

Ordutegian muga ezarri

Hasiera batetan pentsatu genezake edozein lekutan gaudela buelta erdia eman eta itzultzeko ordu konkretu bat ezartzea, mendiko liburuetatik ateratako gehiegikeri bat dela. Inolaz ere. Ordutegian mugak ezarrita, itzulian segurtasun maila altuago bat izango dugu. Ezbeharren bat gertatu ezkero, honi aurre egiteko baliagarri den denbora bat izango baitugu.

Muga ezartzearen beste oinarrizko arrazoi bat lehentasunen esleitzean datza. Mendizale ororen lehentasuna beti izango da abiapuntura onik bueltatzea, dena ondo joaten bada, gailurrak ibilbidearen erdiko puntua soilik ez baitu markatuko.

 

Ihes-puntuak eta seinalea

Edozein ibilbidera joan aurretik, lehenago ikusi ditugun bibak, aterpe eta bestelakoen posizioak ezagutu behar ditugu. Elementu hauek lokalizatuta izateak ustekaberen bat gertatzen bada gauzak erabat erraztuko dizkigu. Horrelako batetan gaua kale gorrian ematea ez da batere erosoa, batez ere, kanpoan euria edo hotza denean, eta zer esanik ez elurretan.

Ihes-puntuak ere kontutan izango ditugu. Gauden tokian gaudela, gertuen dugun ihes-puntuaren norabidea jakin beharko dugu. Ez da gauza bera oinezko mendi ibilaldi batetik ihes egitea edo ertz baten eskalada bidetik. Oinez goazela, gehienetan arazo handirik ez dugu izango etorri garen leku berdinetik bueltatzeko. Ertz batetan gauza bera egitea, askotan zailagoa izango da honen oinarrira jaitsi eta gero bidea bilatzea.

Azkenik, sakelako telefonoa erabiltzeko kontratatuta daukagun konpainiaren estaldura mapa begiratu beharko dugu, ea bidean seinalerik izango dugun edo ez. Mendian badira leku asko oraindik seinalerik jasotzen ez dutena, eta planifikazioari begira kontutan eduki beharko dugu, puntu hauetatik deirik edo mezurik ezin baita bidali. Istripurik gertatzen bada seinalea izan arte akaso orduak eman beharko ditugu bidean behera.

Sen ona

Planifikazioa gauza bat da eta beste bat ibilbideetan praktikan jartzea. Nahiz eta planifikazioa behar bezala egin, gure sasoia hasieran pentsatzen genuena baino okerrago egon daiteke. Mendian dauden baldintzak beste batzuk izan daitezke, eta ibilbidearen zailtasun eta arrisku mailak erabat aldatu.

Hori dela eta, behin ibilbidea hasi dugunean, gauzak argi ikusten ez baditugu, buelta erdia eman. Beste egun batetan bueltatzea hobeagoa baita, aukera hori gehiagotan ez izatea baino.