Gure narrazio estiloa erabat bisuala da, ibilbideak teknologia murgiltzailea erabiliz aurkezten ditugu eta irakurleak bertan suertatu den istorioa irudikatzea gustuko dugu. Gauez egin dugun Peyregeterako irteera hau oso bestelakoa da arrazoi anitzengatik.

Gehienetan irakurri edo idazten ditugun kronikak arrakastan oinarrituta daude. Honek bere logika puntua badu, irakurlearentzat ondo joandako txangoen gora beherakoak aipatzea baliogarria izan daitezkeela uste dugulako.

Eta kale egiten dugunean zer? Bizitzan jasotzen ditugun ikasgairik sakonenak hanka-sartze batetik eratorritakoen edota egoera latzen bat igarotzearen ondorioz jasotzen ditugu.

Gutxi batzuetan, txango bat helburu zehatz batekin hasi eta hasierako jomuga zeharo ahantzarazi zaitzakeen errealitate batekin topo egiten duzu… huts egitea bera eskertzera eramaten zaituena. Horrelakoetan hitzak ezinbesteko elementu bilakatzen dira bizipenak islatzeko.

GAUEKO IRTEERA PEYREGET MENDIRA?

Martxoak 21, osteguna, 22:30ak inguru.

Astean zeharreko edozein egunetan bezala, jardunaldiari buruz solasean gabiltza afaltzen dihardugun bitartean. Azpimarratzeko ezer gabe, ohikerian murgildurik gaude kanpoko zerbaitek atentzioa ematen digun arte: kalean behar baino argitasun gehiago dagoela ematen du. Super-ilargia omen da, gaurko gauean ilbetea izanik.

Burua berehala lanean jartzen hasten da… hor nonbait ezkutuan zeuden hamaika ideia xelebrek bat-bateko agerraldia egiten dute. Oraindik deus argi izan gabe, ingurua aztertu gabe ezta begiradarik gurutzatu gabe, ahoa ireki eta gordinik botatzen dut:

– Bihar lanaren ostean trasteak hartu eta Pirinio aldera bagoaz gauez ibilbide bat grabatzera?

Alea jacta est. Atzera egiterik ez dago behin esandakoan. Ideia borobildu egin behar da, helburu bat hautatu eta zalantza guztiak argitzeko planifikazioa planteatu behar da.

NORA JOAN?

mapa gps peyreget

Ibiltzeko oztopo handirik ez duen eta ondo ezagutzen dugun leku bat hautatu behar dugu. Ihesbide erraza eta normalean trafikoa daukan errepide bat gertu eduki beharko ditu. Hasierako puntuan aparkaleku bat badago hobe, ezer gertatu ezkero, laguntza jasotzeko aukerak handiagoak izango baitira.

Hautagai batzuk mahai gainean jarri ditugu eta lanean hasten gara. Sarea arakatzen dugu, momentu honetan mendia nola dagoen jakiteko: aipamen berriak, inguruko webcamen azkeneko irudiak, elur parteak, eguraldia eta voilà: Irabazlea Portalet aldea dugu.

Bertako mendien artean zalantza izpirik ez dago: Peyreget. Bilatzen ditugun baldintza guztiak bete eta Midi d’Ossautik gertuen dagoen mendian egon nahi dugu egunsentia bertatik ikusteko.

Dena prest: data, argitasun maila gorenarekin igotzeko ordutegia, arriskuen balorazioa, eguraldia eta balizko aldagarriak… eta txangorako beharko dugun materiala eta ekipamendua.

Soilik kideen kopurua handitzea falta zaigu. Aukera batzuk baditugu, eta deiren bat egin ere, baina jakin ere badakigu horrelako bati uko ezin egingo dioten bi pertsona inguruan dauzkagula. Bi pertsona onerako eta txarrerako beti hor izan direnak, eta nola ez ba, maila honetako bitxikeri batetan parte hartzeko irrikan egongo direnak: ene gurasoak.

GAUEKO IGOERA

Martxoak 22, ostirala. Lanegunaren ostean materiala begiratu behar dugu eta motxila prestatu ere. Gailu elektronikoen egoera egiaztatu, baterien karga, euskarri eta ordezko piezak eta pila berriak ez daitezela falta. Frontalak ondo daudela egiaztatu eta badaezpadako urpekaritzarako esku-argia ere ondo dabilela ikusi.

Etxeko txirrinak taldea osatu dugula adierazten digu. Mapak berriro ere aztertzen ditugu eta aurretik bilatutako informazioa berrikusi ondoren afaltzen dugu. Gaurko gaua luzea izango da.

Trasteak autoan sartu eta Portaleteko muga alderantz jotzen dugu. Aparkalekura iritsi bezain laster, maletategia ireki eta isilpean (inguruan furgonetak baitaude) igoerarako materiala prestatzen hasten gara.

Goizeko laurak baino lehen Peyreget mendiaren bidean sartzen gara.

[dimage url=”https://www.treckview.com/wp-content/uploads/2019/04/peyreget-100-Copy.jpg” control=true anim_speed=”1″]

ZENTZUMENAK ZORROZTEN

Hasierako inpresioa arraroa da. Isiltasuna erabatekoa da, soilik urrunean identifikatu ezin izan genuen animali baten tartekako uluak hautsia. Gaua argitsua da, bestelako argirik gabe lasaitasun osoz ibiltzeko modukoa.

Elurrak ilargiaren argia islatzen du eta inguruko mendi guztiak garbi ikusten ditugu. Are gehiago, urrunetik antzeman daitezke mendizaleek eta eskiatzaileek egindako bideak.

Zentzumenak zorrozten dira. Eskia aurreratzen dudan bakoitzean, ertzak elur izoztua urratzean askatzen diren izotz kristalak maldan behera labaintzen entzuten ditut. Trakzioa hobetu nahian pisuaren aldaketa egin eta eskiaren patinean beheranzko indarra egiten dudan bakoitzean, elur plakak durundi egiten du behe-soinu lehor bat eginez. Hala ere eskia ez dut hondoratzen.

Bikoteka gora egiten dugu, elurretan ibiltzeko aukeratu dugun materialaren arabera. Elur-erraketak daramatenek biderik zuzenena hautatzen dute, eskiekin goazenak berriz, nahiago dugu jarraitasuna bermatzen duen beste aukeraren bat bilatu.

Talde bakoitza bestearen ikus-eremuaren barruan mantentzen da uneoro, walkie-talkieak piztuta eta isilpean daude. Ez dago zertan bailararen bakea aztoratu beharrik.

LEPORANZKO BIDE IZOZTUA

Peyreget mendiaren oinaren inguruan berriro ere talde bakarra osatzea erabaki dugu. Magala alderik alde zeharkatu behar dugu eta bide berdinetik joatea nahiago dugu, gauean sortzen diren izotz plakak direla eta.

Hego magala iragan ondoren, Col D’Ilheou leporako sarbidea adierazten duen muinoa inguratu behar dugu. Malda goitik behera zeharkatzen duen eski arrasto bat ikusten dut, bide hori hartuz gero, sarbidera garaierarik galdu gabe iristeko aukera emango dit. Iparrera egiten dudan heinean, eskien ertzek elurra urratzeari uko egiten die. Segurtasun maila kolokan jartzen da. Nabari denez, metro batzuk irabazi nahian, bide nagusia alde batera uztea ez da batere ideia ona izan.

Atzera begiratzen dut eta erabaki txarra hartu duen taldekide bakarra naizenaz ohartu naiz. Norabidea aldatu eta bide nagusirantz egin behar dut, zigor moduan metro batzuk galduz eskiaren ertza bere tokian mantentzen saiatzen naizen bitartean.

TALDE BANAKETA LEPOAN

Lepora iritsi eta zerbait jan eta edaten dugu,  eman beharreko hurrengo urratsak aztertu eta orain arteko bideari buruzko iritziei buruz hitz egiten dugun bitartean.

Egunak oraindik ez du argitu, baina ekialdeko mendien atzetik urdintasun puntu bat sumatzen hasi gara. Bertako gaua ez da hemengoa bezain itxia dagoeneko.

Taldea banatzen dugu. Erdia bertan geldituko da ilargi betearen azkeneko minutuekin gozatzeko. Esperientzia berri honekin liluratuta, egunsentiak dakartzan kolore anitzekiko xehetasun guztiak barneratu nahi dituzte. Horretarako Peyreget mendiaren itzaletik at egon beharko dute, lepotik ezkerretara doan tontor txikiaren gainean.

Gainontzekoak aurrera jarraitzen dugu.

LEHENENGO BIZKARRERANTZ

Bizkarrera doan maldak, elurrik gabeko tarte bat dauka alde batetan. Gainontzeko guztia erabat izozturik dago eta ez du merezi eskiekin zein elur-erraketekin gora egiteak. Aipatutako materiala lepoan uzten dugu eta belarretan gora hasten gara.

Lehendabiziko metroak ez zaizkit oso erosoak iruditzen, mendiko eskietarako botak nahiko handiak eta zurrunak iruditzen zaizkit eta, nahiz eta berna-hezur inguruan nahiko makurdura maila handia izan. Belardi malkartsu honetan bastoiak ezinbestekoak dira gorputza zuzen mantentzeko.

Garaiera modu azkar batean irabazten dugu. Bizkarretik aurrera, elur plaka izoztuaz gain, belardi txiki zein harkaitz anitz agerian daude, eta zapaldutako bidea harkaitzetarantz jotzen du zuzen. Itsura onik ez.

Honezkero bi aukera dauzkagu, elur izoztua saihesteko ertzerantz igotzen diren harrietatik gora egin edo kranpoiak jantzi eta beste bide batetik igo.

Zapaltzen dugun lehenengo elur plakak erantzuna dakarkigu: haitzurdina baino gogorragoa dagoela ematen du. Harkaitzetara iritsi baino lehen kranpoiak jantzi behar ditugunez, elurretatik joatea erabakitzen dugu.

PEYREGET MENDIAREN HEGO MAZELA

Kranpoiak jantzi bezain laster magalari lehengo ostikada ematen diogu: puntak arazorik gabe zolaraino sartzen dira. Kranpoiaren hozkada irmoa da. Botekin bidea egin nahian hain gogorra dirudien plakak, altzairuaren negoziatzeko moduaren aurrean etsi egiten du.

Oinkada erabatekoa da eta nahiz eta maldarekiko oinaren posizioak zenbait punta airean utzi, atzera-egiterik ez dugu nabaritzen. Plaka goranzko diagonal bat egiten gurutzatu eta beste aldera jotzen dugu isurialde berria bilatu nahian.

Dagoeneko argitzen hasi da eta hego magalaren goiko atala garbi ikus dezakegu. Punturik goreneraino etenik gabe elurtuta dago isurialdearen atal hau, eta izotza tartean bada ere eragozpenik gabe igo daitekeela ematen du.

Aurreko egunetan eski batzuek utzitako jaitsierarako aztarna batzuk erabiltzen ditugu lehendabiziko metroak egiteko. Orain arte bezala, elurra gogorra dirau eta kranpoiak errez sartzen dira egonkortasun handia eskainiz, beraz, bide zuzenago batetik igotzea erabakitzen dugu. Sigi-sagak zeharo laburtu eta malda handienak zuzen igotzen ditugu metroak arin irabaziz.

Magala gozatu egiten dugu baldintza onenetan baitago eta mendi-giro aparta. Hau da opari ederra Peyreget mendiak egin diguna!

Goi mailako egunsentia

Ertza bigarren bizkarraren gainetik hartzen dugu, gailurretik oso gertu.

Eguzkiaren lehenengo izpiek Petit Pic eta Midiren orratzetan zuzen jotzen dute eta txunditurik, begirada kendu ezinik gabiltza. Minutu gutxitan eguzkia ekialdeko gailurren atzetik indartsu irtengo da, beraz denborarik galdu gabe aurrera jarraitzen dugu.

Azkar mugitu beharrean gaude baldin eta egunsentia gailurretik ikusi nahi badugu eta ertzeko bidea ez dago garbi, harri gehiegi daude nahi dugun abiaduran ibili ahal izateko. Iparreko isurialdera jotzen dugu. Hegalak ertzaren azpitik elurtuta dirau eta hau igarotakoan gailurreraino jarraitzen du. Transformatutako elurra topatzen dugu hemen.

Eguzkiaren herena agerian da eta erlojuak aurrera jarraitzen du. Erritmoa arintzen dugu eta berehala Peyreget mendiaren gailurrera iristen gara. Eguzkia oraindik ez da guztiz atera.

Begien aurrean daukaguna paregabea da. Eguzkiak gora egin ahala, bailaretako itzalak ihes egiten du. Guretzat gaueko itsas-argiarena egin duen ilargiak, egutegiaren arabera dagokionari lekukoa nola ematen dion ikusten dugu. Ibiltari xume batzuentzat pribilegio handiagorik ez dago, marrazturik daukagun irribarreak hori adierazten du bederen.

Gailurretik beheranzko bideari ekingo diogula irratiz abisua eman eta ibiltzen hasten gara berriro ere. Dagoeneko 24 ordu baino gehiago esna daramatzagu eta oraindik erdi bidean gaude.

[dimage url=”https://www.treckview.com/wp-content/uploads/2019/04/V0481205-Copy.jpg” control=true anim_speed=”1″]

MALDAN BEHERA

Eguzkiak bere lana ongi egiten du eta berotasun apur bat berreskuratzen dugu. Jakin ere badakigu lepoa oraindik itzalpean egonda, bertako tenperaturak zero azpikoak izango direla eta haize korronterako bide natural hauetan suertatzen den sentsazio termikoa nolakoa izan daitekeen ere.

Ertzaren azpialdeko ipar isurialdearen zatia azkar egiten dugu eta hego mazelan sartzen gara. Oraindik izozturik dirau, eta eguzkiak zati distiratsuak agerian uzten ditu. Beherako bidea kristalizaturiko atalak saihestuz egiten dugu.

Azpialdean berriro ere eskiek utzitako arrastoen barruan sartzen gara, egonkortasun eta erosotasun handiago baten bila. Abiadura areagotzen dugu.

Bi isurialdeak konektatzen dituen puntua ikusten dugu zenbait metro beherago. Horren azpitik bada ezproi txiki bat, ustetan bizkarretik abiatzen dena eta bere oina maldaren angelua handitzeagatik ikusi ezin duguna. Honen atzetik bizkarrerantz egiten duen elur-mingain bat ikusten dugu. Ziur gaude mihi honek bizkarra eta ezproiaren oina konektatu behar dituela, eta hala balitz, igoeran hain deserosoa iruditu zaigun atal mistoa saihestuko genuke.

BIZKARRAREN KONEXIOAREN BILA

Magalaren malda handienean, ezproiaren oinaren bila sartzen gara materialak eskaintzen digun segurtasun maila medio. Garaiera galtzen dugun heinean, lehenengo zutabearen oina eta bere ondotik igarotzen den mingainarekiko konexioa argiago ikusten dugu.

Bizkarrera iritsi eta alboko jelatutako pasartetik behera egiten dugu, kranpoiak ez kentzeko. Lepoa metro batzuk beherago dago eta bidea azkar batean egiten dugu gainontzeko arazorik gabe. Kideen ondora itzultzen gara.

Peyreget S bajada

Eskiak janzteko ordua

Eguzkia lepora iritsi da goizeko berotasunarekin batera. Bertan atsedenaldi bat egiten dugu zerbait jan eta edaten dugun bitartean. Lehortzen jarritako fokak jaso, kranpoiak gorde eta pioleta motxilan jartzen dugu.

Fijazioak finkatu eta botak jaitsierarako blokatzen ditugu. Elur-erraketak dituztenek ere behera egiteko prestatzen dute euren materiala. Igo garen toki berdinetik egin behar dugu jaitsiera eta elurraren baldintzak onak dira, elauso arriskurik gabe.

Baldin eta bidean inor topatzen ez badugu, elkartzerako puntu bat ezartzen dugu badaezpada. Inor topatzen badugu ordea, zuzenean aparkalekuraino jaitsiko gara.

Beherantz jotzen dugu. Elurra oraindik izozturik jarraitzen du eta nire mendiko eskien ertzek gorriak ikusten dituzte norabide egokia mantentzeko. Biraketa bakoitzean jasaten duten bibrazioak oso handiak dira eta teknika hobetu beharrean nago baldintza hauekin arin jaisteko, beraz, hobe erritmoa gutxitu eta kontserbadoreagoa izan.

Jaitsierako lehenengo geldiunean geratu eta gora begiratzen dut, nire kidearen zain. Bere teknika oso ona da eta “freeride”-rako egokiagoak diren eskiak jantzita dauzka. Egiten dituen mugimenduetan horrenbesteko armonia ikusten dudanean inbidia sartzen zait. Lekuz kanpoko keinu bakar bat ere ez, behartutako posturarik gabe, ezta eskien bibraziorik ere… gidatzea, egonkortasuna, “flow” asko eta alderik alderako irribarrea uneoro.

Peyreget Skimo

GOZATZEA GUTXI ESATEA DENEAN

Berriro ere maldan behera goaz. Lehendabiziko mendizalea urrutira guregana gerturatzen ikusten dugu eta oraindik urrunago dagoen aparkalekuan jada auto gehiagorik ez da sartzen. Dirudienen mendizale anitz ibiliko da gaurkoan, beraz, autoraino jaitsiko gara lepoan adierazi dugun moduan.

Peyreget mendiaren oina zeharkatzen dugu ahalik eta garaiera gutxien galdu gabe. Biraketak bata bestearen atzetik lotzea dugu helburu eta horretarako zenbat eta malda luzeagoa izan hobe, hortaz, mendiak eskaintzen digun edozein aukera aprobetxatzen dugu, txikia bada ere.

Mendizalea dagoen lekura iristen gara eta azkar batean elkar agurtu ere. Uste dut goizeko ordu txiki horietan ez zuela mendian behera inor ikustea espero.

Pombieko bidearen azpira iritsi eta azkeneko magaletan sartzen gara. Atal honetan belarra eta harriren bat ikus daiteke, hala ere bidean dagoen edozein oztopo saihesteko arazorik ez dago eta jaitsierarekin asko disfrutatzen dugu.

Lepotik sarbide bezala erabiltzen den zubiraino eman dugun ordu laurden luzean hiru mendizale gurutzatu ditugu soilik. Peyreget aldera begiratu eta honen oina beheranzko bidean zeharkatzen duten bi kideak elkarrekin ikusten ditugu, bata bestearen atzetik.

Ustekabeko topalekua

Arropaz aldatu, materiala behar bezala gorde eta autoa antolatzeko nahikoa denbora daukagu gurasoak iritsi baino lehen.

Aparkalekutik abiatzen den pistara iristen gara lehendabiziko mendizale talde handiak gorantz egiten hasten diren momentuan. Goizeko zortziak eta erdietan gora egin behar duzunean eta jaitsi berri den bikote batekin aurrez aurre topo egitean, argi dago zer gai izango den hizpide. Bitako batek gainera pertika baten gainean 360 gradutako kamera bat soinean eramateak ere solasaldi txikia bermatzen duela nolabait. Atseginak dira oso, mendizaleen arteko umorez jositako lagun arteko berbaldi txikiak.

Aparkalekuan ere beste horrenbeste. Txiripaz, lagun mina dugun (eta grabaketa batzuetan kide izan dugun) Arkaitz inguruan behar zuen Guías K2 -en mendi gidaria den Xabiren eskutik, ikastaro batetan parte hartzen. Ziur laster berarekin ere saioren bat egingo dugula. Denbora asko ez zuten behar izan gurekin topo egiteko, aparkalekuan metro batzuk beherago baitziren.

PARADIGMA BERRI BAT

Gutxira berriro ere taldea osatu dugu, eta denbora askorik galdu gabe, trasteak gorde eta aparkalekutik alde egiten dugu merezitako gosari baten bila.

Etxera arratsean iristen gara. Oraingoan teknikari lanak egin behar ditut. Argazki sorta ongi dagoen egiaztatu behar dut. Hasieratik nekien argitasun urriko igoera batetan grabaketa ondo ateratzeko aukera handirik ez zegoela, hala ere horrelako baten saiakerarik ez nuen egin orain arte. Argazkigintzan ezer gutxi jakin ezkero, badira hamaika arrazoi grabaketak zergatik kale egin duen adierazteko.

Eta teoriak arrazoia izan ere. Peyreget mendira gauez eginiko grabaketak kale, behintzat orain arteko ohiko prozedurarekin. Bestela ere taldean ez dugu inolako penarik sentitu grabazioa atera ez izanagatik. Are gehiago, bueltako bidean grabazioari buruzko solasaldirik ez dugu izan. Bizi izandakoaren ondorioz, bigarren plano batetan geratu da.

Gauez bakardadean igotzeak ekarri dizkigun sentsazioak izan dira nagusi, eta horri buruz hitz egin dugu nabarmenki. Jardunaldiak 30 ordu bete dituenean loak hartzen gaitu.

ZENTZUMEN ETA SENTSAZIOAK

Egia da bai, hasierako helburua murgiltze teknologia erabiliz, mendian eginiko igoera bat grabatzea izan dugula, baina saiakera eginagatik beste paradigma bat aurkitu dugu.

Gauak bakardadea eta isolamenduaren sentsazioak areagotzen ditu Peyreget mendiak, eta zentzumenak erabat zorroztu. Ingurunea guztiz aldarazten du, soinua bera ere oso bestelakoa bihurtuaz.

Ilbeteak bere eremura bultzatzen gaitu, ikusten dugun oro kolore ilunak eta grisaxkatutako zuriak izanik. Egiten dugun mugimendu oro handietsita sentitzen dugu, bibrazioak anplifikatuta.

Zentzumenetarako erabateko esperientzia honen momenturik gorena, egunsentia gailurrean ematean bizi izan dugu. Eguzkiaren izpiek eta bere argitasunak zentzumenak bere ohiko egoerara bueltarazten ditu, orain arte oharkabean inguruan dauzkagun lurzoru malkartsuak indarberritzen dituen heinean.

Sentipen horrek gure izatearen iragankortasuna eta garrantzi eza gogorarazten digu nolabait. Errealitate horren aurrean irribarre egin eta Peyreget mendiari eskerrak ematea besterik ez dugu horren partaide izateko aukera emateagatik.

Akaso noizbait baldintza egokiak eman ezkero, beste talaia bat bilatuko dugu sentipen berdinak berpiztu nahian edo auskalo, zer ekar dezakeen super-ilargiaren gau magikoak.