Project Description

Erdi eta goi mendiko ibilaldiei hasiera emateko aukera anitz ematen duen lekua dugu Cauterets. Inguruan dituen bailara eder, baso eta 3000m baino gehiagoko mendietan zehar ibiltzeko aukerak eskaintzen ditu km gutxiko eremuan.

Errepideetatik ikusi ezin diren txokoak ezagutzeko modurik onena, Cauterets herritik abiatzen diren bailarak elkartzen dituen bideetatik gora eta behera ibitzea da zalantza izpirik gabe. Honen ildoan, “les gaves de Cauterets” ezagutzeko aukera izango dugu: Gave D’Ilhéou, Gave du Marcadau, Gave de Gaube eta Gave de Lutour. Horretarako bakarka edo batera egin ahal diren bi zeharkaldi prestatu ditugu. Gainera inguruko mendiren bat igotzeko aukera izango dugu ere.

Lehenengo zeharkaldi honetan Gave de Ilhéou eta Gave de Marcadau elkartuko ditugu, besteren artean GR10 eta HRP bideak erabiliz. Garai batzuetan, sarbideen egoera eta garraio zerbitzuak direla eta, hasiera eta bukaerako bideetan jende askorekin egin dezakegu topo. Aipatu beharra dago mendia gero eta jende gehiagok duela gustuko (mendizaleak eta ez mendizaleak) eta bertatik ibiltzeko eskubidea ere, hortaz, bideak partekatu ditzagun.

INFORMAZIO BALIOGARRIA

ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA

Método de Información de Excursiones (MIDE)

MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.

Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).

Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.

IBILBIDEAREN DIAGRAMA

IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU

  • Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
  • Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
  • Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA

0m
Igoerarako desnibela
0m
Jaitsierarako desnibela
0Km
Egindako distantzia

GAVE D’ILHÉOU

Cambasqueko aparkalekuan, GR10 bidea baino metro batzuk beherago HMrantz doan pista batean hasten da gure ibilbidea, errekaren beste aldetik abiatuta. Ibaiaren ibilgua jarraitzen dugu eta ehunka metro eskasetan ertzez aldatzen dugu, Soum de Mauloc mendiaren oina ekialdetik inguratzen hasteko. Aurrera egiten dugun ahala, mendebalderantz jo eta berriro ere ibaiaren beste aldera egiten dugu, GR10 bidean metro gutxi batzuk egiteko. Aurrerago dagoen Cascade D’Ilhéou ur-jauzia gertuagotik ikusi ahal izateko, GR bidea utzi eta beherago doan pistatik jarraitzea merezi du.

Zirkura iristean, bideak albo batetik igo eta Z handi bat egiten du, malda areagotuz. Hala ere, ondo zapaldurik dago eta oztopoz garbi, erotasuna mantenduz momentu oro. Gora iritsi bezain laster, Lac Nere lakuari eusten dion horma zein den berehala asmatzen dugu eta gaurko jomugaren ondoan dagoen aterpea begien aurrean agertu ere.

Erreka gurutzatu eta HMrantz jarraitzen dugu lakuaren oinera iritsi arte. HE aldera bira egin eta oina inguratzen dugu GR10 mendi-bidea hartzeko, lakua eskuin aldean utziz.

GR10 bidetik jarraitzen dugu Lac D’Ilhéou lakua eta izen bereko aterpea ondoan izan arte. Bibaka egiteko gunea lakuaren ezker aldetik jarraituz aurkitzen dugu. Kanpadenda jartzeko aukera askorik ez dago eta lurra ez da oso laua.

0m
Igoerarako desnibela
0m
Jaitsierarako desnibela
0Km
Egindako distantzia

GAVES DE CAUTERETS ARTEAN

Hegoalderantz abiatzen gara, Col d’Haugade aldera. Esan beharra dago aldapa batek banatutako elkarren ondoan kokatzen diren bi lepo direla. Bertara iristeko hartu beharreko bidea estua izan arren, hasierako metroak oso eroso egiten ditugu, lurrezko zorua duen mendi-bidea dugu eta. Igotzen goazen heinean harriz beteriko zorua topatzen dugu, egonkortasuna galduz soinean daramagun zama dela eta.

Soum de la Haugade eta Tuc Arrouy mendien azpira eramaten gaituen zeharbidea gainditu ondoren, azpiko lepoaren bertikalean, maldaren goiko erdialdeko maila desberdinak gainditzen ditugu euren artean sigi-saga eginez.

IRAGATE GAILURRAK

Azpiko lepora iritsi eta motxilak lurrean uzten ditugu Pic de Nets (2428m) mendira igotzeko asmoarekin. IE norabidea hartzen dugu Soum de Haugade mendia azpitik inguratzen duen bidea hartuz. Gailurra inguratu ondoren Pic de Nets tontorrera hurbiltzen gara bide lau bat medio. Azken aldapa igo eta gainara iristen gara eragozpenik gabe.

Lepora bueltatzen gara igotzeko erabili dugun bide berdinetik. Motxila hartu eta apur bat HMrantz igotzen gara bigarren lepora iristeko. Bertan motxilak berriro lurrean utzi eta ondoan dugun Tuc Arrouy mendira igotzen gara HErantz eginez. Gertu izateaz gain, gailurretik Pic Courounalas mendira igotzeko erabiliko dugun sarbidearen ikuspegi ezin hobea dauka, beraz, nahiz eta tontor nagusi bat ez izan, gerturatzea merezi du.

Gailurretik jaitsitakoan berriro ere zama lepoan hartu eta ekialderantz jaisten den bidea hartzen dugu. Metro gutxiren buruan berriz trasteak bertan behera uzten ditugu, Pic Courounalas mendira igotzeko sarbide den belarrezko kanalaren ondoan. Kanalaren malda handiari aurre egin eta “plateau” zabal batera iristen gara. E norabidean gora jarraitzen dugu mugarriak jarraituz gandorrera iritsi arte. Gandorrak ez dauka zailtasun handirik, soilik II. graduko irtengune txiki bat.

Bidera itzuli eta motxilak jasotzen ditugu bidean behera jarraitzeko. HM norabidea mantenduz, goiko Lac L’Embarrat lakura iristen gara. Kanpadenda jartzeko leku zabal eta erosoa.

0m
Igoerarako desnibela
0m
Jaitsierarako desnibela
0Km
Egindako distantzia

CAUTERETS URRUNEKO JOMUGA

Lakuaren beste aldetik IMrantz igotzen den mendi-bidetik gora hasten dugu azken eguna, oso eroso Lac Ruisseau Du Portet lakura iritsi arte. Harkaitzen artetik aurrera egin eta Lac Du Portet lakuaren bokalerantz sigi-saga jarraitzen dugu.

Hegoaldetik lakua inguratzen dugu eta granitozko harkaitzen artetik igarotzen den bidetik beherantz egiten dugu, Lac Nere aurrean dugula.

Ezkerreko hormaren gainetik zeharkatuz, aldapan behera jarraitzen dugu. Oraingoan bideak malda areagotzen du, Lac Neretik Pla de Gole lautadara iristeko 450mko garaiera galdu behar dugu eta, kilometro eta erdian gutxi gora behera. Jaitsierak dauzkan bi mailak jaitsitakoan, lautadaren gainetik 150mtara HRP bidean sartu eta zuhaitzetara iristean, Waloon edo Marcadau aterpera ailegatzen gara.

GAVE DE MARCADAU

HE norabidean beherantz jarraitzen dugu, minutu gutxitan HRP bidea uzteko. Bidegurutzean IErantzko bidea hartzen baitugu, Laquet de la Pourtérera gerturatzeko. Gavea ezkerretara izanik, Maracadauko bidea hartzen dugu aurrerago dagoen Estalounquet zubia gurutzatuz.

Gavearen eskuin ertzaren ondotik jarraitzen dugu ekialderantz, Gave de Gaube eta Gave de Marcadau elkartzen dituen Pont d’Espagnera iritsi arte. Hôteleriea atzean utzita, ibaiaren ezkerraldetik ur-jauzien artean basoan barneratzen den bidetik jarraitzen dugu. Raillere inguruan GR10 bidea uzten dugu iparerantz bira eginez, Cauterets herrira iritsi arte.

Desnibel handiko egun luzea.

BIBAKA

Gaua emateko babestutako guneak

Ez daude

ATERPEAK

Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinak

Refuge D’Ilhéou: 22 lagunentzako lekua du.

Ibilbidean zehar: Refuge Waloon Marcadau, Refuge du Clot.

URA

Edateko urez hornitzeko lekuak

Ibilbideak hainbat erreka, laku eta mapan seinaleztatutako iturri bat ditu

ARRETA

Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuak

II graduko irtengunea Pic Courounalaseko ertzean

SEGURTASUNA

Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuak

Ez daude

BESTE MENDI-ZEHARKALDI BATZUK