Project Description

Ekialdeko Gabietok, Taillón gainak eta Brecha de Rolando (Roldán) arrailak osatutako hormatzarrek, Gavarnieko Zirkuarekin batera, Pirinioetan ematen den mugarik ikusgarrienetakoa dugu.

Muga honen behaketa-eremurik onenetakoa Taillón mendiaren tontorrean kokatzen da, berezko muga honen edertasuna goialdetik eta perspektiban ikusi daiteke eta.

Taillón mendira igotzeko bideen artetik, Col de Tentes lepotik abiatzen dena azkarrena dugu. Gainera, hiru mila metroko mendi bat igotzeko biderik errazenetakoa izateagatik ezaguna da. Nahiz eta ibilbideak zailtasun teknikorik ez izan eta ordu gutxiren buruan egin daitekeen, gogoan izan behar dugu goi-mendian ari garela, eremu honek erabili beharreko materiala zein mendiarekiko ezagutza mailatan eskatzen duenarekin.

Ibilbide honetan Taillón mendiaren ipar hormaren oinetik igaroko gara eta bere glaziarraren ondotik gora egingo dugu. Aunitz ezaguna den Brecha de Rolando arraila gurutzatu eta Punta Bazilac mendiaren murrua inguratuko dugu, Dedo delako dorrea inguratu eta azkenik gailurrera eramaten duen gandor zabalean zehar ibiliko gara.

Pirinioetan hiru mila metroko mendietan lehenengo urratsak emateko ibilbiderik onenetakoa dugu honakoa, eta goi mendietan zaletasuna duen orok bizitzan behin gutxienez burutu beharrekoa.

INFORMAZIO BALIOGARRIA

ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA

Método de Información de Excursiones (MIDE)

MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.

Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).

Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.

IBILBIDEAREN DIAGRAMA

IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU

  • Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
  • Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
  • Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA

IRAGATE BIDEAK

Ibilbidea Col de Tentes lepoan kokatzen den aparkalekutik hasten dugu, Gavarnie eski estazioaren eremua gaindituta. Pic de Tentes gainaren mendebaldetik abiatzen den zolatutako bidea hartzen dugu, HM norabidean. Kilometro eta erdi mailarik galdu gabe ematen dugu Puerto de Bujaruelo portura iristeko.

Portura iritsi bezain laster, ekialderantz igotzen den mendi bidean sartu eta berehala hasten gara garaiera irabazten. Bidea zabala da, ondo seinaleztatua eta ibiltzeko erosoa erabat. Lehenengo aldapa atzean utzi eta Ekialdeko Gabieto zein Taillón mendiaren ipar hormaren ikuspegi aparta begien aurrean irekitzen zaigu, eskuin aldera. Izerdirik bota gabe mendiak berak eskaintzen digun ongi etorriko oparia.

Taillón mendiaren ipar hormaren oina alderik alde zeharkatzen dugu ia aldaparik igo gabe, landaredia eta harriaren arteko mugaren alde batetik zein bestetik doan bidetik. Oinaren bukaeratik gertu gaudenean, aldapak gora egin eta belardiak atzean uzten ditugu, bueltako bidean berriro hemendik igaro arte. Nahiz eta bidearen alde bietara harri handiez josia egon, ibilbidea nahiko garbi ageri da eta zailtasunik gabe aurrera egin daiteke.

ERREKAREN PASABIDEA

Serradets mendira gerturatu ahala, bidearen malda areagotu egiten da eta glaziarretik isuritako uraren soinua gertuago entzuten dugu. Hegoalderantz egin ondoren, ibai-ohearen gainetik ur-jauzi eta turrustatan amiltzen den errekaren ondoan kokatzen gara.

Beste aldera gurutzatzeko hainbat pasabide daude, erabilienetarikoak margo gorri zein mugarriz seinaleztatuta daudenak izanik. Azpialdeko pasarteak berriz, ez daude markaturik. Hala ere, nahiko intuitiboak dira eta agerikoak nolabait.

Beste aldera gurutzatzeko aukeratu beharreko pasartea, urak dakarren mailak mugatzen du. Gezi gorriak jarraituz gero, katez osaturiko eskubandadun pasartera iristen da, gehien erabiltzen den bidea izanik eta izotza dagoenerako aproposena ere. Grabaketa egindakoan ordea, pasartea urak hartuta aurkitu dugu, bertatik igaro ezinik. Aldiz, azpialdeko pasarteak garbiago ikusten ditugu, nahiz eta segurtasunerako ainguralekurik ez izan. Oinetako aproposak jantzita, bustitako harriak ere ondo eusten du, hori bai, adi leundutako puntuekin.

Aipatu beharra dago bueltako bidean, pasarte berdinean uraren mailak ere gora egin duela, ia iraungitako glaziarrak eguzkipean jasandako lurmentzea dela eta.

GLAZIARRAREN AZKEN HAUSPOAK

Errekaren beste aldean bidea oso bestelakoa dugu. Harri handien artean sigi-saga ohantzearen albotik gora egiten dugu, glaziarraren kubetaren mailara iritsi arte. Duela urte gutxi, glaziarraren kubetak oraindik elurtuta zirauen. Urteetan zehar bertatik ibili den orok gogoan izango du 90. hamarkadan Taillón mendiaren Glaziarrak zuen maila, eta honek gaur arte jasandako narriadura.

Gaur egun morrena denaren ezker aldetik igotzen gara, ekialderantz bira egiten dugun heinean. Col de Serradets lepoa begien aurrean dugunean, ezkerrera zabaltzen den Z handi bat hartzen dugu, lepoaren mailara iristeko. Bertatik Serradets aterperako bidea hartzen dugu, lepoaren beste aldetik abiatzen den hegoalderantz jaitsiz.

POSTA-TXARTELETARAKO BIDEA

Ageriko bidetik jarraituz, aterpea eta egin berria den handiagotzea ezker aldean uzten dugu. Bideak hegoalderantz gora egiten du aldapa handiko hartxingadi batetik, elur plakaren ezker aldetik hasita. Aldapak HM norabidea hartzen du emeki, bidea bitan banatzen den bitartean. Ezkerretik igotzen dena, hartxintxarra ia erabat galdu duenez igotzea erosoagoa da, zapaltzeko orduan trinkotasun maila handiagoa baitu, betiere gehiegizko trakzioa egiten ez den bitartean. Bestalde, eskuin aldetik doana oraindik hartxintxar nahiko mantentzen du bere baitan eta nahiz eta goranzkoan irristatzearen ondorioz deserosoagoa izan, jaitsieran azkarrago mugitzeko aukera ematen du.

Aldaparen goialdean, bideak HErantz jotzen duen bihurgune itxi bat egiten du, azkeneko zatian malda oraindik gehiago nabarmenduz. Metro gutxitan zirku txikia zeharkatzen duen harkaitz-geruza gainditzeko pasartea topatzen dugu. Harkaitzaren ehundura nabarmenki lehundua ageri da, garai batean arraiaren oinera arte iristen zen iraungitako glaziarraren mugimenduaren ondorioz. Geruza HM norabidean gurutzatzen dugu, glaziarraren azkeneko elurretatik igaro eta berriro ere mendi bidera bueltatzeko.

EPIKOTIK IDILIKORAKO BIDEAN

HM norabidea jarraituz, arraiaren oinean kokatzen gara, goranzko diagonal bat eginez. Eskuin aldeko hormaren oinean, lepotik gertu eta maila berdinean hedatzen diren erlaitzetan, bibaka egiteko aproposa den haitzuloa ikus daiteke. Arraia gurutzatu ahal izateko, harrizko maila bat gainditu beharko dugu eta nahiz eta zailtasunik ez izan, eskuak erabili beharko ditugu gora egiteko. Maila gainditu bezain laster, Brecha de Rolando arraiara iristen gara, kondairak eta historiak ezaguna egin duen leku paregabera.

Historiak segada non izan zen ongi ez zehaztu arren, kondairak dionaren arabera, frankoen komandante eta Carlomagnoren iloba izan zen Erroldanek, arraila ezpata kolpez sortu zuen. Orreagako gatazkatik ihesika, “Durandal”  izeneko ezpata txikitu nahi omen zuen, antza, bere ejertzitoan sarraskia eragin zuten Baskoien eskuetan geratu ez zedin.

Arraiak, 2804mtan kokatzen den 100mko garaiera eta 40 mko zabalera duen pasarte bat da, Serradets eta Goriz aterpeak lotzeko bide arrunta izanik.

TAILLÓN ESKURAGARRI

Arraiatik mendebalderantz jotzen dugu, ahalik eta garaiera gutxien galduz, hormaren azpitik doan bidea hartuta. Bidea harkaitzen artetik igarotzen da, alde batera eta bestera, betiere eskuin aldean horma izanik. Paretaren oinean lotarako aproposak diren bibak gune eta haitzulo batzuen ondotik igarotzen gara.

Metro batzuk beherago, HMrantz zabaltzen den terrazan kokatzen den laku txikian gaua ematea ere badago, baldin eta hurrengo egunean Casco, Torre de Marboré, Picos de la Cascada… edota Monte Perdido mendira joateko grinarik dagoen.

Bidearekin jarraituz, hormatzarra inguratzen jarraitzen dugu IMrantz igotzen garen bitartean. Falsa Brecha arraiara iristen gara, Dedo delako harrizko dorrea iparretik inguratuz. Bira arazorik gabe egiten da (izotzik gabe) Glaciar de Taillón glaziarraren gainetik zintzilik geratzen den erlaitz txiki batetik igaroz. Aurkako isurialdera bueltatu ahal izateko eta bide batez, gandorrean uzten gaituen pasartea aurrerago aurkitzen dugu.

Gandorraren bidea, tarteka, isurialde batetik zein bestetik egin daiteke, aproposa oso egun haizetsuetan babesean aurrera egiteko.

Gailurrera gerturatu ahala, maldak ere gora egiten du, azken hegalera iritsi bitartean. Mazelari aurre egiteko bi modu desberdin daude. Batean, IM norabidean igotzen den bizkarretik zuzen igo daiteke. Igoera gogorra izanik, bukaerako ertz zabalak eskaintzen duen ikuspegiak merezi du oso… amaiera itxurosoa, mendi honek duen garaierak eskatu beharko lukeenaren mailan. Besteak, grabaketarako erabili dugun mendebaldera zabaltzen den bide arruntak, mendi hegala diagonalean mozten du aldapa lausoago baten bidez, gailurrera iritsi arte.

TAILLÓN MENDIAREN IGOERA 360º ETA EB-N

Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz

  • Norabide-geziak pantailan
  • Mapa interaktiboa albo batean
  • Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz

Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu

Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez

Ibilbidean zehar nabigatzeko arazorik ba al duzu?

BIBAKA

Gaua emateko babestutako guneak

Bibaka egiteko guneak: Puerto de Bujaruelo, Col de Serradets, Serradets, Brecha de Rolando eta Taillón gailurrean

ATERPEAK

Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinak

Refugio de Serradets, udan 50 lagunentzako lekua eta neguan 30 modu librean (hedapena kontuan izan gabe)

URA

Edateko urez hornitzeko lekuak

Ibilbideak erreka bat eta mapan seinaleztatutako iturri bat ditu

ARRETA

Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuak

Ur-ibilgua oso aldakorra da glaziarraren azpiko pasabidean, eta Brecha de Rolando arraiaren sarbidean harriak eror daitezke.

SEGURTASUNA

Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuak

Glaziarraren azpiko pasabidean eskudelak daude

TREKKING BESTE IBILBIDE BATZUK