Project Description

Neouvielle Frantziako Pirinioetako Hautes-Pyrénées departamenduan dago, Barèges iparraldean, Gèdre mendebaldean eta Aragnouet herriak hegoaldean mugakide dituela.

3000 metrotik gorako tontor ugari ditu, eta hauetariko asko natura-parkearen barruan daude. Eremua bisitatu nahi izanez gero, kontuan hartu beharreko datua da, parkeko sarbideak gaitutako aparkalekuen edukierara mugatuta baitaude. Gaua igarotzea ere araututa dago, eta ezin da txakurrik sartu, ezta lotuta eramanda ere.

Mendizale orok desira dezakeen guztia eskaintzen duen lekua da: lakuen arteko bideak basoan zehar, alturako belardiak, ertz ikusgarriak, eskalada bide klasikoak, laku mailakatu ugari, etab.

Proposatzen dugun ibilbidea Glère haranetik abiatzen da, logistikoki ondo kokatua, bidaian iritsi eta egun horretan mendian lehen gaua egin ahal izateko. 6 egunetan zehar, Neouvielle mendiguneko isurialde guztiak ezagutzeko ibilbide zirkularra egingo dugu, gailur enblematiko batzuetara igo eta parke barruko nahiz kanpoko dozena bat laku baino gehiago bisitatu ere.

OHARRA: TreckView sortu aurretik, GPSa erabiltzen genuen soilik autoaren kokapena markatzeko, arreta neurri gisa; nabigaziorako mapak, iparrorratza eta altimetro barometrikoa erabiltzen genituen eta. Horregatik, 2019a baino lehenagoko zeharbideek ordenagailuz sortutako track-ak dituzte. Ibilbidea egin eta track-a erregistratzen baduzu, bidali GPX fitxategia eta deskargen atalean sartuko dugu.

INFORMAZIO BALIOGARRIA

ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA

Método de Información de Excursiones (MIDE)

MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.

Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).

Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.

IBILBIDEAREN DIAGRAMA

IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU

  • Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
  • Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
  • Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA

0m
Igoerarako desnibela
0m
Jaitsierarako desnibela
0Km
Egindako distantzia

NEOUVIELLE MENDIGUNEAN LEHENENGO URRATSAK

Plateau de Lienz ingurura autoz iritsi eta harana HHE aldera igotzen duen pista hartzen dugu, hesira iritsi arte. Honen ondoan, bihurgunearen aurretik eta eskuin aldean kokatzen den  pistatik kanpoko gune txikian ibilgailua uzten dugu.

Motxilak soinean hartu eta pistatik igotzen hasten gara, bihurgune eta aldapa segida batean zehar norabidea mantenduz, bidetik alde egin gabe. Pistaren mailak lotzen dituzten bidezidorretatik mozteko aukera dago, trazadura zuzenagoak eta, ondorioz, aldapatsuagoak izanik.

Egiten den igoera-motaren arabera pista bati buruz izan dezakegun pertzepzioa zeharo bitxia da. Jarduera bera ekipo arinarekin egiten dugunean deseroso eta geldo gertatzen den pista, erosoa eta gozagarria bihurtzen da motxilari kiloak gehitu ahala.

Gai hau besteren artean hizpide, Refuge de la Glère aterpetik bereizten gaituzten 400 metroko desnibela gainditzen dugun bitartean jorratzeko. Lac de la Glère lakuaren IM muturrean dagoen aipatutako aterpera iristen gara.

Aterpe beretik, hegoalderantz emeki igotzen den bidezidorra hartzen dugu, Lac de Coume Escure lakua ezkerretara utzi eta aurrera jarraituz, Prise d ‘Eaura iritsi arte. Erreka gurutzatu eta kanpadenda ibai ondoko zelai txikian jartzen dugu. Ilunabar ikusgarriez gozatzeko aukera ematen duen Pirinioetako txoko horietarikoa dugu hau.

0m
Igoerarako desnibela
0m
Jaitsierarako desnibela
0Km
Egindako distantzia

TURÓN DE NEOUVIELLE MENDIRA TXANGOA

Aurreko egunean utzitako bidea berriro hartzen dugu, HHErantz aurrera egiten jarraitzeko. Minutu gutxitan, bidearen bidegurutze nagusia topatzen dugu. Gorantz doan bidezidorrak Turón de Neouvielle ingurura bideratuko gaitu gaurkoan. Biharko egunean berriz, Col de Rabiet lepora joateko, bestea aukeratuko dugu, ibaiaren arrorantz jaitsiz.

HErantz doan bidea hartu eta 100 metroko desnibela igo ondoren, Lac del Mail lakura iristen gara, Parke Nazionalaren barruan. Lakua inguratu, ezkerretara utzi eta HMrantz bira egiten dugu Lac de la Manche lakua inguratzeko.

Haranaren hondora ematen duen inbutuari erreparatzen diogu, Col de Coume Estrète lepoa urrunean ikusiz, Turón de Neouvielle eta  Pic de la Coume de L’Ours mendien artean. Oraindik Lac Estelat Inferieur eta gorago dagoen  Lac Estelat lakuak inguratu behar ditugu

Lakuen kota gaindituta, hegoalderantz jo eta inbutua aurrez aurre igotzen hasten gara harkaitzezko lurretan barneraturik. Igoeraren lehen zatia ibilguaren ondoan egiten dugu, harik eta 2500 metroko altueratik gora desagertzen den arte. Zehazki, lepoaren sarbide den azken hegalaren aurreko gune lau txikia baino pixka bat lehenago.

Malda handitu egiten da berriro, ezproi txiki batera iritsi arte. Ezproi hori oinarritik inguratzen dugu, M aldera, eta H norabideari ekiten diogu, lepora iristeko falta zaizkigun  azken metroak igotzeko.

Behin lepoan gaudela, hego-ekialderantz biratu eta bizkar aldera doan mendi-mazela hartzen dugu. Bertatik, Lac Glace lakuari mendebaldetik eusten dion kontrahorma jaisten da. Metro gutxira, aipatutako lakurantz doan bidegurutzea topatzen dugu, jaitsiera burutzeko hartuko duguna. Handik gutxira, gailurrera iristen gara. Merezi du tarte bat hartzea, aurrean ditugun bista paregabeez gozatzeko.

LAKUEN ARTEKO BIDETIK BUELTAKO BIDEAN

Bizkar gaineko bidegurutzeraino jaisten gara, 2940m inguruan. Igotzeko erabili dugun bidea utzi eta iparraldera egiten dugu oraingoan, Lac de Glace lakutik igarotzen den bidetik kanpalekura bueltatzeko.

Aintzira inguratu eta bide beretik jarraitzen dugu Lac Bleu lakura iristeko, hain malkartsua ez den lur-eremutik. Bidezidorretik jarraitu eta lakua gure eskuinera utzita, ekialderantz jotzen dugu, laquette ondoko bidegurutzera iritsi arte. Laku txikiaren ondoan iparralderantz doan bidezidorra hartuz, lautadaren ertzera iristen gara.

Muinoaren jaitsiera aurrez egin daiteke, edo metro batzuk beherago inguratzea txiki bat eginez. Bi bideak leku berera doaz, hortaz, norberaren irizpidearen arabera mendi-bide bate do beste aukeratu daiteke, galtzeko arriskurik gabe. Mendi-mazela haren bizkarretik jaitsi ondoren, Lac de la Manche eta Lac det Mail lakuak dauden lautadara iristen gara, bien artean dagoen bidetik zeharkatuz.

Berriro ere igotzeko bidera irten, eta kanpadendara bueltatzen gara minutu gutxiren buruan.

0m
Igoerarako desnibela
0m
Jaitsierarako desnibela
0Km
Egindako distantzia

CAP DE LONG AINTZIRARAINO ZEHARKA

Berriro ere aurreko egunean ibilitako bide beretik gora hasten gara, hegoalderantz doan bidezidorretik, bidegurutzeraino. Oraingoan, eskuineko adarra hartzen dugu, HM norabidea aldapan behera jarraituz, Ruisseau de Bolou errekaraino.

Ertzez aldatu eta norabidea mantenduz metroak irabazten hasten gara, Lac du Portet gainetik doan bidean diagonalean igotzen garen bitartean, Mont Arrouy mendiaren ekialdeko hegalaren morfologia aprobetxatuz.

Punturik garaiena gaindituta, aintziraren goiko mugarekin bat datorrena baina haren mailatik ia 100m gorago zehazki, beheranzko bidea hasten da. Hasieran bizkarra inguratzen dugu emeki  Col de Rabiet leporaino jaitsiz. Bertan, Packe aterpetxea kokatzen da, ohatzeak, mantak eta sorospen telefono bat dituen aterpe ireki bat alegia. Gaua emateko kontuan hartu beharreko lekua da, babeslekuaren erosotasunaz gain, ilunabarrak benetan ikusgarriak direlako. Bost izarretik gorakoa zalantza izpirik Gabe.

Motxilak utzi eta Pic de la Coume de l ‘Ours (2855m) igotzeko E norabidea hartzen dugu. Oraingo honetan ez dago jarraitu daitekeen trazatutako biderik, beraz, harkaitzen artean kontu handiz egin behar dugu aurrera, oztopoak gainditzeko modurik errazenaren bila.

Lepora  iristen gara, Pic de la Coume de l ‘Ours eta Pic Prudent banatzen dituen gunera. Hona iristeko, ezproien arteko kanal bat hartu behar da eskuekin lagunduta gora egiteko. Goiko aldean bira egin eta azken metroak ertzetik egiten ditugu. Sarrera erraza da eta igoera entretenigarria da oso.

Itzulerarako bide bera hartzen dugu, eta aterpean utzitako motxilak berreskuratu ere.

LEPOTIK LEPORA

Hegoalderantz jaisten gara, Lac de Rabiet lakuaren gainetik doan bide malkartsu batetik. Mendi-bidea sekulako malda duen hegal batetik jaisten den arren, nahiko zabala da, eta aurrera egitea erraza da. Ez dugu horregatik arreta maila jaitsi behar, tarteren batean estropezu egitea ez baita komeni mazela honetan.

Ia 200 metroko jaitsieraren ondoren, Lac de Bugarret lakua kokatzen den planora iristen gara. Aintzira atzean utzi eta ekialderantz jarraitzen dugu goiko lakura iritsi arte. Honen goiko aldetik jarraitu eta  bidegurutze batera iristen gara.

Norabidea aldatu gabe, zuzenean Hourquette de Bugarret lepora igotzen den bidea hartzen dugu. Malda handiko 200 metroko desnibela dugu zain, irmotasun eta egonkortasun aldakorreko eremuan gora egiten duena. Punturik altuena ikustea abantaila edo tortura mota bat ez ote den  planteatzen duzun guneetako bat dugu hau, batez ere lepoan zama handia daramazunean.

Lepora iritsi eta gure aurrean Neuvielle zein Cap de Long lakuaren ikuspegia begien aurrean zabaltzen zaigu. Lakurako jaitsiera igoera bezain malkartsua da ia, hori bai, bidexka dezente erosoagoa du. Aintziratik bereizten gaituzten ia 400 metroko desnibela jaitsi ondoren, errekatik gertu kanpadenda jartzen dugu, eraikin txiki batetik gertu eta bidetik desbideratu gabe. Uretan bainua hartzea ia derrigorrezkoa bihurtzen da atzean utzi duguna ikusita.

0m
Igoerarako desnibela
0m
Jaitsierarako desnibela
0Km
Egindako distantzia

GAILURRETARAKO EGUNA

Neouvielle mendigunean egun berri bat hasten da eta gaurkoan berriro ere zama kanpalekuan utzi eta gailurretarako jardunaldiari ekiteko prestatzen gara. Cambieil (3173m) mendia igotzeko ezinbestekoa dena baino ez dugu kargatuko, Neouvielle mendigunea hegoaldetik ixten duen 3000 metrotik gorako tontor handietako bat dugu, eta zenbat eta arinago joan, hobe.

Dendatik HE norabidea hartzen dugu, presaren beste ertzetik igotzen den bidezidorrera iristeko. Metro gutxira, bidezidor hau mendi-bide nagusiarekin bat egiten du, azken hau erosoa eta ondo markatuta egonda.

Hegoalderantz jotzen dugu errekaren arroaren ondora, Alhlarisses mendien oinarritik, etenik gabeko maldan gora ibiliaz, beheko zirkua mugatzen duen muinora iritsi arte. Muino hori gainditu eta, HM norabidera bira egiten dugu, erreka ezkerretara utzita. Desnibela gainditu bezain laster, Col Tourrat lepora doan bidegurutzearekin egiten dugu topo. Aurreko egunean igarotako Bugarret lepoaren hegoaldean kokatzen den hurrengo lepoa alegia.

Norabidea aldatu gabe jarraitzen dugu, eta gure eskuinera uzten dugu topatzen dugun hurrengo bidegurutzea. Beste bideak HM norabidera egiten du, Pic Long aldera, besteren artean. Gure ibilbideak HE norabidean jarraitzen du. Aurrerago berriro ere HMrantz bira egiten du, Gourg de Cap de Long lakuaren bokalerantz jaisten den bizkar txiki baten inguruan. Bokaletik gertu, bideak aurretik jarraitutako HE norabidea berreskuratzen du, Lentille bidegurutzera iritsi arte.

3000 METROAK GAINDITUZ

Bidegurutzean HM norabidea hartzen dugu, gure eskuinera aintzira utzi eta Cambieil mendiaren oina inguratzen hasten gara. Inguratzea amaitu ondoren, Hourquette de Cap de Long lepotik datorren bidean sartu eta ekialderantz jotzen dugu aldapa gogorretik jarraitzeko, Lentille mendiaren tontorreraino (3157m). Gainetik, ipar-ekialderantz jarraituz, hegal harritsu batetik behera eginez, hurrengo leporaino jaisten gara.  Bertatik aurrez aurre daukagun aldapa hartu eta 3173mtara dagoen Cambieil mendiaren gailurreraino jarraitzen dugu.

Igaro berri dugun Lentille eta Cambieil arteko leporaino jaitsiz hasiera ematen diogu bueltako bideari. Hemendik, Cambieil mendiaren sorbaldaren azpitik, iparralderantz doan bidezidorra hartzen dugu, Lentille  bidegurutzera eramaten gaituena alegia. Bertatik, jada ezagutzen dugun bidetik itzultzen gara kanpadendara.

0m
Igoerarako desnibela
0m
Jaitsierarako desnibela
0Km
Egindako distantzia

NEOUVIELLE MENDIGUNEAREN AURKAKO ISURIALDERANTZ

Eguna Cap de Long aintzira inguratzen duen bidetik hasten dugu. Bakarren bat egongo da laku hau zama gainean eramanda, mendebaldeko ertzetik ekialdekora gurutzatzea sekulako ibilaldi idilikoa izango dena uste duenik. Usteak erdia ustel. Aurkako ertzera doan bideak 140m igotzen ditu desnibelean, uraren mailaren gainetik, eta 3km baino gehiagoko distantzia ibili behar da.

Aipatu beharra dago lakua inguratzen duen bidearen maldarik handiena hasi bezain laster agertzen  dela, beraz, jaiki berri denaren indarrak izanik, gaitz erdi. Goiko aldera iritsi bezain laster beherako bideari ekiten diogu. Bidea emeki jaisten doa sigi-sagako tarte labur batek lakuaren ertzean kokatzen gaituen arte, honi eusten dion harresitik 800 metro eskasetara. Eroritako bloke batzuen ondotik igaro bezain laster, urtegiaren burura iristen gara

Presa IE norabidean gurutzatzen dugu begien aurrean Pas du Gat pasartea dugularik. Pasabide hau erabiliko dugu aurkako isurialdetik jaisteko.

Bideak aurrera jarraitzen du, eta malda handian gora egin ere, IM norabideari eutsiz. 300 metroko desnibela dugu zain, eta horietan indarrak dosifikatzea komeni da, horrelako malda batek gehiegi nekatu baitezake, bosgarren egunera arte pilatutako zama eta nekea kontuan hartuta.

Pas du Gat lepora iritsi eta Lac d ‘Aubert lakura iristeko jaitsiera hasten dugu. Igoera baino malda gutxiago duen 300 metroko desnibela jaisten dugu. Jaitsiera igotakoa baino lasaiagoa bada ere, mendiko bastoiak amortizatzen dituen horietakoa dugu. Hemendik aurrera, zeharkaldiak Neouvielle mendiaren iparraldeko isurialdetik jarraituko du.

Lac d ‘Aubert lakura iritsi eta bokaletik ipar-ekialderantz egiten dugu, ibilgailuentzako aparkalekuaren ondoan dagoen aterpera iritsi arte. Hourquette d ‘Aubert leporako igoerari ekiten diogu. Aubert eta Aumar lakuen artean igarotzen gara, IM norabidean doan bidexka eroso eta luze batetik. Bide honek, Pas du Gat lepotik jaitsi ondoren, hanketako nekea baretzeko aukera ematen digu.

NEOUVIELLE INGURUKO BEHE LAINOAK

Bestelako arazorik gabe, Hourquette d ‘Aubert lepora iristen gara bide erosotik, beste 350 gainditu ondoren aterpea kokatuta dagoen mailatik. Lepoaren beste isurialdeko egoera oso bestelakoa da. Hainbat bide-gurutze dituen haran batean sartzen gara, bidezidor, laku eta oro har lursail nahiko uniformeak dituena.

Arraroa izan ohi da sei eguneko zeharkaldi batean dena ongi joatea, inolako konplikaziorik, ezustekorik edo eguraldi txarrik gabe. Lainoa sartu zaigu gurean. Zehatzak izateko, laino trinkoa, noraezean ibiltzea nahiko erraza den leku batean. Hala ere, haran itxia da, bi aldeetan mendiek mugatzen dute eta iparralderantz irteera bakarra du; beraz, bide nagusitik desbideratuz gero, denbora bakarrik dugu galtzeko mendi-bide egokia aurkitu arte.

Bidezidorrean behera egiten dugu, eskuinera Lac Nére aintzira utzi eta iparralderantz jaisten jarraitzen dugu Lac Blanc lakua aurkitu arte. Bertan soilik utzi behar dugu ipar norabidea, eta IErako bidea hartu, Lac de Jonquere lakura iristeko. Eskuinetik inguratu, eta Lac dets Coubous lakuraino jaisten jarraitzen dugu IM norabidean. Kanpadenda Aterpearen ondoan jartzen dugu.

0m
Igoerarako desnibela
0m
Jaitsierarako desnibela
0Km
Egindako distantzia

BERRIRO LIENZ INGURURA

Ibilaldi honetako azken jardunaldia Neouvielle mendigunean. Motxila prestatu eta Z handi bat egiten,  Pont de Pountou ingurura jaisten gara. Bertan GR10 mendi-bidean barneratzen gara.

Bide zabal eta eroso hau, Soum de la Piquette eta Pic d ‘Izes artean zabaltzen den haranetik jaisten da, Ruisseau dets Coubous errekaren ibilgua jarraituz. Bertatik jaitsi eta Tourmalet mendatearen igoera mitikoa hartzen duen errepideraino eramaten gaitu. Txirrindulari askorentzako nahitaez egin beharreko erromesaldia.

Galtzada zeharkatu eta ondoko larreetatik jarraitzen dugu Tournaboup aparkalekura iritsi arte. Errepidetik mendebalderantz jarraitzen dugu Plateau de Lienz ingurura eramango gaituen bidegurutzeraino. Hegoalderantz bira handi bat eginez, Plateaura iristen gara. Bertako egurrezko kaperaren (Chapelle du Lienz) ondotik igarotzen gara, hegoalderantz jarraituz, ibilgailura eramango gaituen pistarekin bat egin arte.

BIBAKA

Gaua emateko babestutako guneak

Mapan seinaleztatutako bibaka: Lac de la Manche lakuan

ATERPEAK

Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinak

Refuge de la Glère : 60lagunentzako lekua, 30 neguan.

Libreak: Refuge de Packe , Refuge d’Aubert eta Cabanne dets Coubous

URA

Edateko urez hornitzeko lekuak

Ibilbidean zehar erreka eta laku ugari daude

ARRETA

Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuak

Pic de la Coume de l ‘Ours mendiaren ertzera iristeko, eskuak erabili beharreko igoera txikia

SEGURTASUNA

Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuak

Ez daude

BESTE MENDI-ZEHARKALDI BATZUK