Project Description

Hiru Erregeen Mahaia Nafarroako mendirik altuena da. Euskal Herriko mendi garaienaren titulu ofiala ere badu bere gain, izan ere, ondoan duen Auñamendi zuberoako lurraldetik at geratzen da km batengatik. Hala eta guztiz ere, afektiboki, etimologikoki eta antzineko tradizio historikoari dagokionez, aipatutako tituluaren jabetza bertan dirau euskal mendizaleen artean.

Esan ohi denez, Hiru Erregeen Mahaiaren tontorrean, Nafarroa, Aragoi eta Bearneko erregeek, euren domeinuetatik irten gabe hitz egin zezaketen…hala ere mugari dagokionez, datua ez da horren zehatza, gaur egungo muga Pic de la Table tontorraren ordokiaren gainean kokatzen baita. Beraz, hiru lurraldeen arteko elkargunea ez dago gailur nagusian, nahiz eta mendigunean egon.

Gaur egun, hiru ibilbide nagusi ditu: Belaguatik, Linzatik eta Lescunetik. Oraingo honetan, mugaren alde honetan erabilitako ibilbiderik ohikoena aurkezten dugu, Linzako Aterpetik abiatuta. Ia 18 km-ko bidea dugu joan-etorrian, lurrezko bidezidor, alturako belardien eremu zabal, gune karstiko eta arroka-kaosak bereganatzen dituen ibilbide paregabea. Hori gutxi balitz, garaiera altuetako pasarte esturen bat daukagu, eta deskonposatutako arroken artetik gora ibiltzeko aukera eskaintzen du gailurrera iristeko azkeneko zatiak.

INFORMAZIO BALIOGARRIA

ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA

Método de Información de Excursiones (MIDE)

MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.

Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).

Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.

IBILBIDEAREN DIAGRAMA

IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU

  • Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
  • Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
  • Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA

LINZOLAKO BELARDIAK

Bidea Linzako aparkalekuan hasten dugu, aterpearen parean. Ibaia gurutzatzen duen zubia ipar-ekialderantz zeharkatu, eta ondo markatutako bidezidor batean gora egiten dugu, bi zuhaitz-ilararen artetik.

Bide erosotik jarraitzen dugu, ekialderanzko norabidea gutxinaka hartzen dugun heinean. Sobrante de Linza muinoaren aurretik dagoen larre lau txiki batera iristen gara. Bertan muinoa ekialdetik inguratzen duen bidea hartzen dugu eta orain arte elkarren ondoan aurrera egiten duten bidezidor desberdinek bide nagusi bakar batean bat egiten dute. Honen ondotik, azpialdean, bigarren mailako bide estu bat ere badugu aukeran.

Muinoaren lehenengo irtengunera iritsi eta, bat-batean, iparralderantz bira egiten dugu, marra gorri eta zuriei jarraituz. Sobranteko kontrahorma nagusiari ekialdetik beste inguratze bat egin ondoren, metro gutxi batzuk galtzen ditugu belardira iristeko. Agerian dauden bi ohantzeak gurutzatu eta belazean barneratzen gara Paquiza de Linzola mendiaren hegoaldeko hegalaren aurrean kokatu arte.

GARAIERA HARTUZ

Belardiaren bukaeran egonda, ekialderantz igotzen den bidezidorra hartzen dugu, harkaitz geruza ikusgarri baten gainetik. Metroak irabazi ahala, bidea nabarmenagoa egiten da eta pixkanaka harkaitza protagonismoa hartzen hasten da.

Lehenengo arroka-azaleratzeara iritsi eta goranzko diagonal bat egiten dugu, norabidea mantenduz. Pasartearen ondoren Cabaña de Linza etxolaren bertikalaren gainetik kokatzen gara.

Jarraian bigarren arroka-azaleratze batetara iristen gara, oraingoan tarteka deskonposatutako harkaitzez osatua dagoena. Honen gainetik, harrizko horma batek mugatutako irteerarako pasartea aurkitzen dugu eta bertaraino igo beharra dago ekialderantz zabaltzen den erlaitza hartu ahal izateko. Erlaitzak Collado de Linza lepora eramaten duten larretarako sarbidea ahalbidetzen du.

Ipar-ekialderantz egiten duen malda handiko sigi-saga baten ondoren, aipatutako hormara iristen gara. Lurra harkaitz bihurtzen da erabat, eta irteerako erlaitza bilatzen dugu, hormaren ondoan mantenduz. Pasartea ageriko zailtasunik ez badu ere, arroka bustita dagoenean nahiko labainkor bihurtzen da, hortaz, kasu horretan arreta jartzea komeni da.

Irteerako erlaitz zabaletik igaro ondoren, berriro lurrezko mendi-bide eroso batetan murgiltzen gara. Lehortutako uhar bat gurutzatu, eta Paquiza de Linzola mendiaren hego-ekialdeko oina koroatzen duen muinoa inguratzen duen estugunera iristen gara. Bitxia bada ere, mapa batzuek oker kokatzen dute Collado de Linza lepoa, Paquiza eta muino honen artean dagoen lepo txikian kokatzen baitute.

Estugunea gainditu eta orain bai, minutu gutxiren buruan Collado de Linza lepora iristen gara.

TRANTSIZIO-BIDEAK

Collado de Linza lepotik, lehen aldiz Hiru Erregeen Mahaia ikus dezakegu ezkerrera. Gailur nagusiaren piramideak eta Pic de la Table gandorrean bukatzen duen goi-ordokiak, hain adierazgarria den silueta osatzen dute.

Horren eskuinera, lepoaren aurrean, Petrechema ospetsua begien aurrean agertzen da. Ziur asko, inguruko mendizale askorentzat,  goi mendietan bataiatzeko hautatutako mendia izan da azken hau.

Iparralderantz jaisten den bidea hartuz aurrera egiten dugu. Bideari jarraituz, urrutira, Ipar-mendebaldera jotzen duen bihurgune bat topatzen dugu. Hemendik aurrera Hoya de la Solana delako sakonunea inguratzeari ekiten diogu aldapan behera emeki goazen heinean.

Lurra erosoa da eta azkar egiten dugu aurrera mendiartea inguratzen dugun bitartean. Sakonunean, urez betetako aska bat ikusi arren eta zenbait mapetan, La Paquiza mendiaren magaletik jaisten den uharrian iturri bat agertu, bertan urik hartzea ez da komeni. Aipatzekoa da lursail eremu hau bazkalekua izateagatik, uraren edangarritasuna ezin dela bermatu.

Inguratzeari bukaera ematen diogu bideak sakonunearen ertzetik atera eta beste alderantz egiten duenean, borda baten ondoan. Zulogunetik at, eki-ipar-ekialderantz metro gutxi batzuk egiten ditugu, Foya de la Solanako bidegurutzeraino. Puntu horretan, GR mendi-bideen margo zuri-gorridun aztarnak utzi eta ekialderantz doan bideari jarraituko diogu, seinaleztapen-zutoinaren jarraibideei jarraituz.

KARST GUNEAREN PASABIDEA

Aldapa gogor baten ondoren, harresi karstikoaren eta igo garen erlaitz belartsu zabalaren artean dagoen kareharrizko bloke handi baten ingurura iristen gara. Sarrerako erreferentzia gisa erabiltzen dugun aipatutako harkaitz horretara iritsi baino pixka bat lehenago, bidezidor nagusia karstean barneratzen dela ikusten dugu, beste mendi-bide batek zuzen, ekialderantz  jarraitzen duen bitartean. Kasu bietan kareharrizko eremua zeharkatu ahal izango dugu, baina kota desberdinetan.

Ekialderantz doan bideak , Hiru Erregeen Mahaiaren gailurraren bertikaletik gertu gurutzatzen du karst-a. Tamalez, bide nagusiarekin bat egiteko pasabideak  arreta dezente jartzea eskatzen du, eta errazagoa da orientazioa tarteka galtzea. Gainera, litekeena da neguko elurra desizoztu ez izana, eta pitzaduren gainean elurrezko zubiak sortzea. Horregatik, ibilbide nagusia da gomendagarriena, karst-a beheragoko kota batetik zeharkatzen baitu modu zuzen eta errazago batean.

Karst gunearen goiko aldera iristeko, sarbidea adierazten duen maila bat gainditu behar dugu. Gure ezkerretara irekitzen den pitzadura baten ondotik aurrera goaz, ipar-mendebalderantz. Adi, mugarriei jarraituz eta arroketan higatutako lerroekiko paraleloan mantenduz. Metro gutxiren buruan, Ipar-ekialdera biratzen dugu, tonu grisaxkagoko harkaitzen gainetik. Bidea nabarmenagoa da, baina, hala ere, erraza da despistatu eta bidea galtzea; beraz, mugarriz mugarri aurrera egitea komeni da.

Minutu gutxi barru, kareharrizko ordokia zeharkatu eta Portillo de Linzara jaisten hasten gara. Iparralderantz bira egin eta arroken artean sigi-sagaka jaisten gara Karstetik irten arte. Pasabiderako sarbidea markatzen duen harri-multzo handi batera iristen gara, eta bide batez, itzulerako erreferentzia gisa balioko digu bertan pilatutako harri-sortak.

PORTILLOKO KAOSA

Pilatutako harri-multzora iritsitakoan, Belaguatik igotzen den bidearekin bat egiten dugu, eta berriro goranzko bidea hartzen dugu eki-ipar-ekialdera, Budogia mendigunearen eta karstaren artean dagoen mendi-bidetik.

Budogiaren mendebaldeko isurialdearen azpian dagoen hartxingadiaren parera iristean, harkaitzak agertzen hasten dira eta kaosaren lehen haitz-blokeak saihesten hasten gara. Puntu honetan mugarriak ikusgai dira nonahi. Bide nagusiaz gain, bada beste bat, oso nabarmena, Port d ‘Ansabere aldera doana eta hasieran guk hartutakoa, gure posiziotik mugarrien kokapena agerikoak baitira.

Hala ere, bada puntu bat non bi bideak argiago ikus daitezkeen. Hemendik,  ezkerretara Hiru Erregeen Mahaia mendira doan goranzko bidezidorra ikusi eta iparralderantz bira egiten dugu seinaleztaturiko adaxka bat hartuz, mendi-bide egokia bilatu nahian.  Aipatzekoa da astebetean bi aldiz igarota ere, grabazioaren kasuan bezala, ez dugula ibilbide bera erregistratu  kaosaren tarte honetan.

Itzuli txiki hori ez egiteko, arrail bertikalek zeharkatutako arroka-azaleratze bat erreferentziatzat hartu behar da, Budogia Occidental  mendiaren bertikala baino pixka bat geroago geratzen dena. Bidea justu azpitik pasatzen da.

BIDE ONEAN

Berriro bide nagusia hartu eta berehala aldapa areagotu egiten da, Budogiaren oinetik amiltzen den hartxingadiaren azpialdetik aurrera egin ahala. Oraingo honetan,  Hiru Erregeen Mahaia mendirantz egiten duten jarraikako terrazen erreferentzia argia daukagu.

Metroak pilatzen ditugu , Budoguia mendiaren azpiko terrazak estutzen diren bitartean. Tartea ekialderantz igaro eta Hiru Erregeen Mahaia mendiaren aurretik dagoen lepora eramaten duen mendi-hegala gurutzatzen  hasten gara. Pixkanaka, ipar-ekialderantz biratzen hasi eta lepo aurreko bizkarrera iristen gara, zenbait harmaila dituen irtengune txiki bat gainditu ondoren. Iritsitakoan Iparraldera egin eta lepora heltzen gara azkeneko aldapa txiki bat igo ondoren.

GAILURRETIK GERTU

Lepotik ekialderantz biratzen dugu eta lurrezko bide batetik gora egiten dugu, sigi-saga laburrak burutuz. Hiru Erregeen Mahaia mendiaren piramidera iritsi eta eskuineko bidezidorrean barneratzen gara. Bide hau, hego isurialdean zintzilikaturiko pasarte estu eder batetik doa. Bestetik, atzean utzi dugun eskuinerako bideak ertza hartzen du zuzenean gailurrera igotzeko.

Hego-isurialdeko mendi-mazela emeki zeharkatzen dugu, bidea ona eta zailtasunik gabekoa den arren, harri aske ugari baitago. Bertatik ekialderantz jarraitzen dugu harik eta ezproi txiki bat bidearen parera jaisten den arte. Ezproira iritsi aurretik, bideak iparrera egiten du eta maila desberdinen artetik igotzen hasten da. Ekialderantz jarraitzen duen bideak Pic de la Table mendiaren goi-ordokira eramaten du zuzen.

Gurera itzuliz, gailurrera igo eta jaisteko zuzenean igotzen den kanal nagusi bat dagoela esan genezake (bide bat baino gehiago dago). Askok, kanala zuzen hartzen dute igotzeko, baina honek badu eragozpen bat, harri askeekin zerikusi handia duena. Goitik etorri daitekeena saihesteko, igoerarako bide arruntak kanala ez du zuzen hartzen, baizik eta albo batetik sartzen den pasarte bat erabiltzen du. Pasarte hau kanalaren bertikaletik at dago eta modu oso elegantean egiten du konexioa, bi hormen artetik igarotzen den estualdi bat medio.

GAINAREN ATARIAN

Pasabidea aurkitu eta iparralderantz biratzen dugu. Lehenengo harmailak gainditu ondoren, mendebalderantz egiten dugu plaka oroigarri bat agerian duen hormara gerturatzeko. Horma hau eskuin aldetik inguratzen dugu atzeko paretara iritsi arte. Gure ezkerretara, bi hormen artean, pasarte estu bat ikusten dugu, bidearen erdian maila bat duena. Hasiera batean inora eramaten ez duen pasarte bat dela ematen du, baina goialdera iritsitakoan kanal nagusiarekin konektatuta dagoela ikusten dugu. Bidegurutzean eskuineko erlaitzetik kanalean sartu eta irtengunera eramaten gaitu zuzen.

Erlaitzaren eskuak erabiliz gainditzen dugu eta gailurraren oinarrira iristen gara. Bideak metro batzuk jarraitzen du eki-ipar-ekialderantz gora eginez, ertzerako sarbidea ematen duen beste bloke adierazgarri batera iritsi arte. Bestela, zuzeneko bidea har dezakegu, Hiru Erregeen Mahaia mendiaren gailurrera zuzenean irteten dena, gazteluaren parean.

HIRU ERREGEEN MAHAIA MENDIAREN IGOERA 360º ETA EB-N

Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz

  • Norabide-geziak pantailan
  • Mapa interaktiboa albo batean
  • Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz

Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu

Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez

Ibilbidean zehar nabigatzeko arazorik ba al duzu?

BIBAKA

Gaua emateko babestutako guneak

Seinaleztatutako bibak gunerik ez dago. Sobrante de Linzako lauan dagoen etxolan lo egin daiteke

ATERPEAK

Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinak

Linzako Aterpea. Iristeko asfaltatutako errepidea eta aparkalekua, 77 lagunentzako tokia eta taberna (jatetxea)

URA

Edateko urez hornitzeko lekuak

Aterpean ura hartu daiteke eta Sobrante de Linza inguruan iturriak daude.

ARRETA

Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuak

Lainoarekin karst inguruan edo kaosean galtzeko arriskua. Azkeneko zatian harriak erori daitezke

SEGURTASUNA

Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuak

Ez daude

TREKKING BESTE IBILBIDE BATZUK